domingo, 18 de diciembre de 2011

Inoiz itxiko ez den zauria


Gernikako bonbardaketaren 74.urteurrena ospatzen da aurten

Elena EGINO

1937ko apirilaren 26a zen, hilabeteko azken astelehena. Kondor Legio alemaniarra eta Italia faxistaren Aviazione Legionariako hegazkinek herri bizkaitarra bonbardatu zuten. 74 urte, 27010 egun, 648240 ordu edota 38894400 minutu pasa dira ordutik.
Euskal Herriaren eta bertakoen aurka egindako eraso hau Gernikan burutzeak esanahi handia dauka. Izan ere, garai horretan Bizkaian eta Euskal Herrian herri sinbolikoa zen;  Bizkaiko Batzar Nagusiak bertan elkartzen ziren,  1876an desegin ziren arte, eta Bizkaiko foru-eskubideen etxetzat hartzen zen. 
San Juan eliza bonbardaketaren aurretik

Urte hauetan bildutako informazioan eta bonbardaketa bizi zutenen testigantzetan oinarrituta, lehengo gernikarren anaitasun eta bakezaletasuna azpimarratu du Gernika Gogoratuz Iraskundeak. Herrian, nagusiki, nazionalistak, karlistak eta sozialistak  biltzen ziren eta, elkarren arteko errespetua eta elkarbizitzarako nahia handia zela adierazi du.

Erdigune eta ikur
Gernika gune garrantzitsua zen. 37.urtean 6000 biztanle inguru zituen arren, tropen itzulera eta gipuzkoar famili asko bertan errefuxiatu zirela medio, normalean baino jende gehiago zegoen herrian. Beraz, aukera ezin hobea aurkeztu zitzaien alemaniar eta italiarrei euskaldunen ikurra zena zapaltzeko eta Alemaniaren abiazioa proban jarri ahal izateko. 
Gernikako udaletxea bonbardaketaren aurretik
Bost aire eraso jasan zituen Gernikak bi ordu eta erdian

Erasoak ez zituen biztanleak ezustekoan harrapatu; egun horietan zehar tropak mugimendu arraroak egiten aritu zirela sumatu baitzuten. Gainera, gudarien itzulera eman zen eta bertakoek bazekiten momentu hori aprobetxatuko zutela erasotzeko. Hala ere, ez zuten uste erasoak horrelako dimentsioak izango zituenik.
Guztira bost astindu eman zituzten herri bizkaitarrean, arratsaldeko seiak arte iraun zuen bonbardaketak. Hurrengo egunetan zehar, eztandek jarraitu egin zuten eta sua itzaltzea lan neketsua bilakatu zen.  

Bonbardaketaren eraginez komunikazioak moztuta egon ziren eta berria arratsaldeko zazpiak aldera iritsi zen Bilbora. Hortaz, bertako poliziak ezin izan zuen ezer egin. Egunkariak, aldiz, hurrengo eguneko goizeko hamarrak aldera enteratu ziren. Ondorioz,  suhiltzaile eta erizainen laguntza berandu iritsi zen herrira.
Gernika, bonbardaketaren ostean
 Busturialdeko udalerria erabat suntsiturik geratu zen. Juntetxea eta Gernikako arbola izan ziren zutik geratu ziren eraikin bakarrenetarikoak. Santa Clara ospitalea, Santa Mariako eliza, balio asko zuen Gernikako udal artxiboa…denak geratu ziren txikituta.  Baita erdialdeko eraikin denak ere, egurrez eginak baitzeuden. 

Egi bakarra 
Diario de Burgoseko azala

Egun batzuen buruan, eraso bortitzaren berria mundu guztian zehar zabaldu zen eta erreakzioak ugariak izan ziren. Salaketa gogorrenak prentsatik etorri ziren:  The Times, Daily Express, L’humanite...
Hasiera batean, Espainian zehar gorriei egotzi zieten bonbardaketa. Hainbat egunkari izan ziren uste horren zabaltzaile. El Diario de Burgosek adibidez, “Guernica destruida por el fuego de los rojos” titularra kaleratu zuen. Zenbait agintari eta boteredun pertsona ere aritu ziren uste hori hedatzen. 

Benetan gertatutakoa desitxuratzen saiatu ziren arren, azkenean egia gailendu egin zen. Eragile askok parte hartu zuten arren, bereziki bi pertsona izan ziren 1937ko apirilaren 26an Gernikan gertatutakoa ezagutarazi eta Gernika sinbolo bilakatzen lagundu zutenak.
Lehenengoa George Steer izan zen. Londreseko The Times egunkarian egiten zuen lan. Erasotik ordu batzuetara heldu zen Gernikara eta gau horretan bertan gertatutakoaren inguruko erreportaje bat idatzi zuen.
Hurrengo goizean The Times eta The New York Times egunkarietan argitaratu zuten erreportajea eta berehala azaldu zen herrialde askotako prentsan ere. Artikulu horrek herri mugimenduak eta protestak piztu zituen Londresen eta New Yorken, esaterako. Ondorioz, frankisten eta beraien aliatuen, kontrako sentimendua piztu zen.
Gernikarrek nazioarte mailan babes handia jaso zuten. George Steeren erreportajeaz gain, erasoa bizi zuten lekukoen testigantzak ere argi utzi zuen hondamendi horren egileak zeintzuk ziren; hegazkinak oso behean joan zirenez, hegazkinetan esbastikaren irudia ikusi zutela adierazi zuten. 
Kondor Legioa, Gernikan

“Hegazkinak oso behean joan ziren eta argi ikusi genuen esbastikaren irudia”, bonbardaketa bizi  zuten lekukoak

Picassoren "Gernika" margolana
Gernika ikur bilakatzen lagundu zuen bigarren pertsona Pablo Picasso margolaria izan zen. Gertakariaren ondorioz, “Guernica” margolana birmoldatu zuen eta sarraskian oinarritu zen  amaiera emateko. Berak esan zuen: “Margolaritza ez da etxeetan eskegitzeko sortu. Etsaiaren kontrako gerran erasorako eta defentsarako tresna bat da”. 

Bi urte barru, 1939.urtean, Espainiako Gerra Zibila amaitu zen eta Franko buru zuen diktadura hasi zen. Gernikako bonbardaketaren  kontra nazioartean altxatu ziren guztiek ez zuten ezer egin Frankoren diktadurak iraun zuen 40 urteetan. Denbora luze horretan zehar, 1937ko apirilaren 26an gertatu zena isilik mantendu zen. Orain, poliki-poliki eta geratzen diren lekukoen testigantzaren laguntzaz, han gertatutakoa berreskuratzen eta ezagutzen ari parte ere baita.

Frankoren aldekoen erreakzioa
Espainian zehar, askok eta askok errepublikarrei egotzi zieten Gernika bonbardatu izana. Biztanleria nahastu nahian, Frankoren aldeko egunkariek esan zuten abiazio nazionalak ezin izan zutela bonbardaketa burutu egun horretan behe lainoa zegoelako. Aitzakia horren bitartez Agirre lehendakariak esandakoari aurre egin zioten eta sarraskia bere jarrera diabolikoak eragindako zela adierazi zuten. Prentsa idatzian ez ezik, irratian ere berretsi zuten beraien bertsioa; garaiko Radio Nacionalen Agirre gezurtitzat jo zuten. 
¡Miente Aguirre! Miente vilmente. En primer término, no hay aviación alemana ni extranjera en la España nacional. Hay aviación española... En segundo lugar, Guernica no ha sido incendiada por nosotros. La España de Franco no incendia. La tea incendiaria es monopolio de los incendiario de Irún, de los que han incendiado Éibar, de los que trataron de quemar vivos a los defensores del Alcázar de Toledo.
Luis Bolín en radio nacional, apirilaren 29a


 


No hay comentarios:

Publicar un comentario