domingo, 18 de diciembre de 2011

BILTOKI: 25 urte elkarrekin 

Umeak baloreetan hazi eta gauza gutxirekin oso esperientzia onak bizi daitezkeela erakutsi nahi dute

Leyre Eguskiza


Bere izenak aditzera ematen duen bezala, 1988. urtean sortu zenetik, Biltoki Gazte Elkartea Leioako ume eta gazteen elkargunea izan da, guztiak biltzeko tokia. Bertatik antolatu izan diren ekintza ezberdinen bidez, herriko jendea hurbildu eta umeek ondo pasatzeko leku bat aurkitu dute. Bere urteurrenaren atarian daude, izan ere, 2012-2013 ikasturtean 25 urte beteko dituzte. Esfortzu eta lan handiko 25 urte, baina baita momentu on askoko eta esker oneko 25 urte.

Elkargunea sortzen

Denboran atzera salto eginda, 1988an Leioako umeekin lan egin eta ondo pasatzeko gogo handia zuen gazte talde batekin egiten dugu topo. Garai horretan eta lehenago ere bazegoen herrian denbora libreko talde bat, baina ez zuen izen ofizialik. Erakundeetatik eta Eusko Jaurlaritzatik dirulaguntzak ematen hasi zirenean, ordea, elkarte ofizial bezala erregistratzeko beharra sortu zen eta horrela jaio zen Biltokiren ideia. Izena nondik datorren galdetzean, Ana Bego Sesumaga Biltokiko sortzaileetako batek historian atzerago joan behar dugula adierazten du irribarre batez: “Elkartearentzako izen bat erabaki behar genuen, eta elkartzeko eman zizkiguten lokaletan herriko gazteak eta mendi elkarte bat bildu izan ziren Frankismoaren garaitik”. Une horretan izen perfektua zela iruditu zitzaien, lokal horiek zenbait belaunaldi biltzeko tokia bihurtu zirelako eta era berean, eurek ere gazteak biltzeko toki bat sortu nahi zutelako.

 “1988 eta 1989 oso urte gogorrak izan ziren ate asko itxi zizkigutelako”. Ana Bego Sesumaga, Biltokiko sortzaileenetariko bat


Biltoki gazte elkartearen logoa
 

Esperientzia pertsonal “oso positibo” bezala deskribatzen du Ana Begok garai hori. Umeentzako aisialdi eskaintzan aukera gutxi zeuden, eta Biltokik baliabide gutxirekin lan egiten bazuen ere, ume askok gogotsu hartu zuten parte haiek antolatutako ekintzetan. Urteurrenaren inguruan galdetuta, zalantzarik gabe parte hartuko duela adierazi du Ana Bego Sesumagak. 1988 et 1898. urteak oso gogorrak izan ziren haientzat  erakunde ezberdinetatik ate asko itxi zizkietelako, eta gaur egun eurek hasitako lanak jarraitzen duela ikusteak pena merezi duela nabarmendu du. 

Bigarren familia

Ilusioz betetako proiektu hau, beraz, ez da bertan behera geratu. Azken 25 urte hauetan gazte askok jarraitu dute Leioako umeen asteburuak alaitzen. Aurten, esaterako, 18 eta 27  urte arteko 12 begirale daude. Iñigo Ramos duela zortzi urte sartu zen Biltokin, bere lagun batekin batera. Tailer eta jolas ezberdinak antolatzeak denbora asko kentzen duela eta lan handia dakarrela dio, baina harentzat konpentsazioa ikaragarria da.

Jolas eta tailerren prestakuntza nekezaren artean, ordea, oso harreman estua eratu da taldeko begiraleen artean. Lagun talde bat osatu dutela nabarmendu du Iñigok eta askotan elkartetik kanpo ere biltzen direla gaineratu du.
Era berean, Biltokiko presidente den Alex Alonsok Biltokin bere “bigarren familia” aurkitu duela dio.

“Denborarekin gainerako begiraleak oso lagun onak bihurtu dira, nire bigarren familia”. Alex Alonso, Biltokiko presidentea

Puzzlea

Biltokiren antolaketari dagokionez, 7 eta 15 urte bitarteko ume eta gazteekin egiten dute lan. Astebururo biltzen dira Leioako Joan Bataiatzailearen Elizak utzitako lokal handi batzuetan, eta bertan adinaren arabera banaturiko taldeek ekintza ezberdinak burutzen dituzte. 7 eta 10 urte arteko umeek Txikitoki izeneko taldea osatzen dute eta bertan, jolasteaz gain, giza- balore ezberdinekin (elkartasuna, maitasuna, familia, errespetua…) lotutako tailer eta jarduerak burutzen dituzte. 11 eta 12 urteko neska-mutilak bigarren talde edo maila batean daude, eta 13 urtetik 15era bitartekoak “Denbora librea” taldean. Azken hauek, dibertigarriak baina helduagoentzat diren jardueren bidez euren gorputzen aldaketen, herriko egoeraren edota euren ingurunearen gaineko jarduera kritikoa garatzen ikasten dute.


Biltokiko maila ezberdinek osaturiko puzzlea

 Aurtengo berrikuntza nagusi bezala San Bartolome auzoari, Leioa erdialdetik aldenduta dagoenari, aukera eman zaio Biltokirekin bat egiteko. Bi astetik behin auzoko umeak elkartu egiten dira eta taldeko begirale batzuek bertako umeentzako jarduerak prestatzen dituzte. San Bartolomeko taldean dagoen Oihane Garridoren ustez “proiektua arrakasta izaten ari da”. Izan ere, oso hilabete gutxi daramatzate lanean eta jada 10-15 ume etortzen zaizkie. Oihane pozik agertu da umeek duten prestutasunarekin eta proiektuak aurrera egingo duela ziur dago.

Gabon dibertigarri eta solidarioak

Orain Gabonak datozela, Biltokik martxan jarraituko du betiko gogoekin. Abenduaren 18an, adibidez, urtero izotzetan patinatzera antolatzen den irteera egingo dute, Donostiako Txuri- Urdin Izotz Jauregira. Gainera, aurten Donostiako Aquarium berritua bisitatuko dute lehen aldiz. Ondoren, abenduaren 26an Leioako adinekoentzako Eguneko Zentrora joango dira, umeak haiekin egon daitezen eta gaixo dauden adineko horiei ilusioa itzul diezaieten.

Patinatzera antolatutako txangoa

 Oporren ostean eta pilak ondo kargatuta dituztela, urtarrilaren 14an itzuliko dira asteburuetako bilerekin eta urtarrilaren 29an 2012ko lehenengo txangoa antolatu dute Miramongo Eureka! Zientzia Museora. Hala ere, bilera eta txangoez gain, asteburuetako konbibentziak eta udako 10 eguneko kanpalekua ere antolatzen dituzte Araban dagoen Anuzita herrira.

10 egun magiko

Kanpalekuak urtero antolatzen dira uztaileko bigarren hamabostaldian eta gai edo istorio nagusi bat izaten dute ardatz. Iazkoan, adibidez, Phileas Fogg-ekin batera 10 egunez munduari bira emateko aukera izan zuten umeek. Piratak, erromatarrak, pelikula famatuetako pertsonaiak, garai historiko ezberdinak, etorkizunera bidaiatzea... denetatik gerta daiteke Biltokin. Ana Bego Sesumaga Biltokiko fundatzaileetako batek honela gogoratzen ditu berak bizitako kanpalekuak: “Ikaragarriak ziren. Baliabide askorik gabe, 150 ume inguru eramaten genituen eta oso gutxirekin konformatzen ginen, eguneroko gauzak txikiei balioa ematen ikasiz”. Era berean, ume askorentzat “uda pasatzeko zeukaten aukera bakarra” zela nabarmendu du. Alex Alonso, bere aldetik, txikitatik joan izan da kanpaleku honetara eta bere ustez, jendea ezagutzeko eta esperientzia berriak bizitzeko aukera paregabea da.


Piraten 2007ko kanpalekua: itsasontzi lasterketa

Ekaitzari aurre eginez

Biltoki bere burua berritzen ari den arren, proposamen eta ekintza ezberdinen bidez, azken urte hauetan parte hartzen duten umeen kopuruan beherakada izugarria igarri dutela aitortu du Iñigok. Gizarteko ohiturek 360ºko bira eman dute eta oso abiadura handian gainera. Kalean edozer gauzarekin jolastu eta gutxirekin zoriontsu ziren umeak Playstation, Wii, Nintendo DS eta beste hainbat aparatu elektronikora itsatsita dauden ume bihurtu dira, indibidualismoaren gizarte batera salto eginez. Hala ere, Diputazio eta udaletxearen laguntzekin eta bereziki proiektuan parte hartzen duen jendearen ilusioarekin Biltoki aurrera aterako denaren fedea du Alex Alonsok.

“Gure gizartean gertaturiko ohitura aldaketek beherakada handia eragin dute elkartera datorren umeen kopuruan”. Iñigo Ramos, Biltokiko kidea

Hiru elkarrizketatuen nahia: Biltokin umeek hazten jarraitzea “berezi” egiten dituzten balore konkretu horietan eta “gutxirekin ere disfrutatu daitekeela” jakinaraztea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario