viernes, 30 de septiembre de 2011

'Pa negre' Oscar Saria lortzeko bidean

Lehenengo aldiz pelikula katalan bat Espainiaren ordezkari izango da Oscar Sarietan: ‘Pa negre’

Itziar Cantero

"Pa negre"

Zine Akademiak Agustí Villarongaren filma aukeratu du Oscarretan lehiatzeko. Lehen pelikula katalana izango da Oscar sarietan Espainia ordezkatuko duena, atzerriko hizkuntza duen pelikula onena izateko borroka dezan.

Villaronga aurten arrakasta izugarria izaten ari da, izan ere, aurreko Goya Sarietan bederatzi sari jaso zituen, haien artean, pelikula onena, zuzendari onena eta aktore onena. Eta ez hori bakarrik, Zine Nazionalaren Saria ere jaso du. Orain, lehenengo aldiz Hollywood-eko Oscarra irabazteko lehiatuko du, nahiz eta oraindik ez duen distribuziorik AEBtan.

Benito Zambranoren La voz dormida, María León protagonista duelarik, eta Pedro Almodovarren La piel que habito filmak ere Espainia ordezkatzeko aurkeztuak izan ziren, baina aurten Pa negre izan da hautatua. Nahiz eta Almodovar mundu osoan zehar famatua izan, 2006tik ez du lortu Oscarretara berriz ere joatea.


"Agustí Villaronga Goya Sarietan"
Hollywood-eko Akademiak proposamena onartzen badu eta filmak behar duen guztia betetzen duela ikusten bada, finalaurrekoetara joateko aukera izango du beste zortzi pelikulekin batera. Aukeratua bada, Los Angeles eta New York-eko batzordeek bederatzi horietatik bost pelikula aukeratzen dute, bostak Oscarretan lehiatzeko.

Espainia 19 aldiz hautatu dute sarietan, horietatik lau irabaziz: José Luis Garciren Volver a empezar (1982), Fernando Truebaren Belle Epoque (1993), Pedro Almodovarren Todo sobre mi (1999) eta Alejandro Amenábarren Mar adentro (2004).

miércoles, 28 de septiembre de 2011

Objetuek hitz egingo balute...


“Amantalen ahotsa” izeneko ikuskizuna aurkeztuko du Amantala Kultur Elkarteak urriaren 7an , 20:00etan, Donostiako Viktoria Eugenia Antzokian

Elena Egino

Espainiako Gerra Zibilean girotutako obra da. Harrezkero 75 urte pasa diren arren, oroitzapenek bizirik diraute infernu hura bizi izan zutenen memorietan. Garai horretako  emakumeak dira "Amantalen ahotsa" ikuskizunaren protagonistak. Beraien testigantzen bitartez Gerra Zibileko errealitatea hobeto ezagutzea da helburua. 



Emakumearen eguneroko jarduna da obraren ardatza; etxean, lanean, eskolan, kalean… Hortaz; pozak, nekeak eta buruhausteak ekarriko dituzte gogora.

Orduko emakumeen testigantzekin batera gaur egungo emakumeek beraien ikuspuntua aurkeztuko dute.  Besteak beste, Maialen Lujanbiok, Amaia, Zubiriak, Itziar Ituñok, Sara Cozarrek eta Ainere Tolosak hartuko dute parte. Atzoko eta gaurko emakumeak elkartuz, belaunaldien arteko trantsizioa islatzea nahi izan dute.  

“Dokumental ukitua duen ikuskizun artistikoa” bezala definitzen dute antolatzaileek. Izan ere, bertsoak, zuzeneko musika, kantuak, antzerkia eta dantza dira ikuskizunaren osagaiak.
Aurrekaria
Ikuskizuna prestatzeko beharrezko informazioa ahotsak.com web orrialdetik eskuratu dute. Argia-com duela urte batzuk sortutako proiektua da;  bere helburua Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzea da. Horretarako, herri desberdinetako adineko jendea elkarrizketatu, eta euren euskara eta bizipenak jaso zituzten.  Bizipen horien pasarte batzuk dira ikuskizunean azalduko direnak.

martes, 27 de septiembre de 2011

Lerro artean irakurriz


Belgikako arkitektura estudio batek lehen eliza gardena eraiki du


Leyre Eguskiza
Haspengouw-eko eliza
Informazioaren aroan, iluntasunaren gortinak zabaldu eta gardentasunez jokatzeko eskatzen zaie gobernu eta enpresei. Badirudi “gardentasun” hori Elizara ere heldu dela, kontzeptuaren zentzu literalean gainera, Pieterjan Gijs eta Arnout Van Vaerenbergh arkitekto belgikarrek gardena den lehenengo eliza eraiki berri baitute Haspengouw izeneko eskualdean (Belgika).




“Reading between the lines” ("Lerro artean irakurriz") izeneko proiektu hau         Z-OUT makroproiektuaren barruan dago, Z33 Arte Garaikideko galeriarekin lankidetzan. Honen arabera, hurrengo bost urteetan zehar Limburgoko zenbait nekazaritza- gune maisulan ezberdinez beteko dira, abangoardiako area bihurtuz. Proposamen berri honen helburua espazio publikoetan arte garaikidea bultzatzea litzateke.


Eraikina hamar metro luze da, eta horizontalki ezarrita dauden altzairuzko 100 lamina finez osaturik dago; 2000 euskarri txikiz loturikoak. Plaken artean dauden espazio irekiek, “gardena” terminoari benetako zentzua ematen diote, eraikinaren izaera mailakatuak bisitariei hormetan zehar ikusteko aukera luzatzen baitie.





Halaber, Elizaren pertzepzioa ikuspuntu fisikoak baldintzaturik dago. Kanpotik ikusita tenpluen ohiko egitura duen eraikina da, paisaian guztiz disolbaturik ageri dena. Elizaren barruan kokatuz gero, irudi abstraktu baten parte bihurtzen da, arkitektura- lerroek natura definitu eta lotu egiten dutelarik. Gainera, argi-ilunen jokoak garrantzi handia hartzen du; eguneko unearen eta eguzkiaren posizioaren arabera tenpluaren barnealdea ezberdin ikusten baita.
Sortzaileen esanetan, barruan dagoena eta kanpoan dagoena harremanetan jartzen dira, inongo apaingarririk gabe: “Ikusleak lerroen artean irakurtzen ikasi behar du, beregan ere baitago gardentasun hori”.

Haspengouw-eko tenplu hau ez dago mezak ospatzeko pentsatua, eskualdeko kapera ugariak omentzeko baizik. Azken hauetatik bereizten dituena, ordea, eraikitze materiala litzateke. Altzairuaren erabilera metafora bezala planteatu da, Herbehereetan Elizak eta erlijioak duten izaera ausartaren metafora, alegia.




“Reading between the lines” making-of: eraikitze-prozesua

lunes, 26 de septiembre de 2011

Verdi, sormenaren eta konpromiso sozialaren artean

“Simon Boccanegra” operak ABAO-OLBE-ren 60. denboraldia ireki du Euskalduna Jauregian

Leyre Eguskiza

“Genoa. XIV.mendea. Hiritarrek Dux bat izendatzen duten lehen aldia da. Simon Boccanegra kortsarioa hautagai nagusi bezala gailendu da. Herriak ospatzen duen bitartean, hura Maria Fiesco amorantearen heriotza deitoratzen dago. 25 urte geroago, kortsarioak desagertutako bere alaba maitea aurkitzen du”.

Honela hasten da “Simon Boccanegra”, Operaren Bilboko Lagunen Elkarteak (ABAO-OLBE) bere 60. denboraldia aurkezteko eskaini duen Giuseppe Verdiren opera “ospel eta iluna”. Irailaren 24an estreinatu zen Bilboko Euskalduna Jauregian Teatro Regio di Parma-ren maisulana, eta publikoaren harrera ikaragarria lortu du jada.

George Gagnidze baritono errusiarraren eta Ainhoa Arteta soprano tolosarraren eskutik, tentsio politikoek hartzen dute toki nagusia, bizitza publikoaren eta pribatuaren interesen arteko tirabirak obraren ardatz direlarik. Gagnidze-en arabera, opera hau “Italiako bateratzearen 150. urteurrenaren barruan kokatzen da”. Halaber, OLBE-ko zuzendari artistikoa den Jon Paul Lakak Boccanegraren azpian Verdi beraren ahotsa ageri dela adierazi du: “Verdik herria bultzatu egiten du barkamenaren, maitasunaren eta bakearen bidetik ibiltzera. Hala ere, ordena publikoak guztion ongirako egin behar duen sakrifizioaz hitz egiten du batez ere”.

Konpositore italiarraren “heldutasun-obra” eta “testamentu politikoa” den honetan, bere estilo modernoaren berrikuntza ugariak igarri daitezke, ahotsekin batera naturaren soinuak sartuz. Hori dela eta, Verdik opera hau lehenbizi estreinatu zuenean, porrot galanta jaso zuen. Musikaren ia erdia berridatzi eta gero, berrestreinaldia arrakasta izugarria izan zen.

Hugo de Ana-ren eszenografia “konplexu eta txundigarriak” biolentzia sozial eta politikoz beteriko giroa eskainiko digu irailaren 24, 27 eta 30ean eta urriaren 3an Euskalduna Jauregian, ‘Tutto Verdi’ programaren barruan. Hiru operaz osaturiko programa honi “Nabucco” izeneko obrak emango dio amaiera maiatzean.


"Il lacerato spirito" obrako aria nagusia

domingo, 25 de septiembre de 2011

Agur 625 urtetako “tradizio kulturalari”

2012ko urtarrilaren 1ean jarriko da martxan zezenketen debekua Katalunian

Elena Egino

Zezenketen aurkako plataforma batek jarri zuen martxan prozesua; 180.000 sinadura lortu ostean, Herri Legegintza Ekinbidea aurkeztu zuen. Auzia aztertu ostean, Kataluniako Parlamentuak zezenketen debekua berretsi zuen 2010eko uztailean. CiU, ERC eta ICV-EUiA alderdiek bere babesa eman zioten ekimenari. PSCko diputatu gehienak, PPC eta Ciudadanos, berriz, ekimenaren kontra azaldu ziren.

Kataluniako zezenketen sinbolo den Monumental plazak gaur itxiko ditu ateak 100 urtez tortura ikuskizun horiek eskaintzen egon ostean. Debekua pairatuko duen Kataluniako plaza bakarra izango da; izan ere, zezenketen jarraitutasuna soilik bertan  ematen da.

La Monumental, Bartzelonako zezen plaza
Gaur, azkeneko korrida izango denera, 20.000 zale bertaratuko direla aurreratu dute antolatzaileek. Baina, jende andana horrek ez du urtean zehar zezenketek izaten duten jarraipena islatzen. Azken urteetan, ekitaldi “kultural” hauek ikustera joaten direnen kopuruak beherakada nabarmena izan baitu.

Kataluniako Zezenketen Erakundeen Federazioak (FETC) sinadura-bilketa burutu behar du gaur Monumentalean. Beraien helburua, Kongresuan debekuaren erreklamazioa aurkeztu eta zezenketak Gizarte Ondasun izendatzea da.

Baina, azken urteetan zehar plazak izan duen zale kopuruaren jaitsiera ikusita, ba al du zentzurik krudelkeria honekin jarraitzeak? Horrelako ikuskizunetan batzuen gozamenerako beste batzuek sufritu egin behar dute; ez al da hori aldatzeko momentua iritsi?

Tortura eta kultura bateraezinak direla aldarrikatzeko Monumentalaren inguruan manifestatuko dira zezenketen aurkako taldeak, azken urteotan egiten ari diren bezala.

Kataluniakoa bigarrena izan da (lehenengoak Kanariar uharteak izan ziren) baina, ez da azkena izango. Gainontzeko herrialdeek eredu bera jarraitzeko momentua iritsi da.

sábado, 24 de septiembre de 2011

Denboran atzera

Irailaren 23tik 25era Gasteizeko X. Merkatu Mediebala ospatuko da

 Itziar Cantero


X. Merkatu Mediebala
Gasteizen, iraileko asteburu batez erdi aroko giroaz disfrutatzeko aukera egongo da eta atzo izan zen lehengo eguna. Atzo, arratsaldeko zazpietan pregoia bota zuten, merkatua hasi zela adieraziz.

Urtero bezala hainbat plazetatik eta kaletatik merkatu mediebaleko postuak jarriko dituzte, era guztietako eta eskuz egindako produktuz betetako postuak. Baina aurten, betiko postuez gain, Aihotz Plazan errekreazio historiko bat egingo da, erdi aroko giroa nolakoa zen erakutsiko zaie ikusleei.

Aurten nobedade bezala tabernetan erdi aroko gastronomia, elikagai eta jakien legeak ezagutu ahalko dira.  Garai hartan jaten zutena, zenbat balio zuen ogiak, ze jaki ezagutzen zuten eta zeintzuk ez, zein egunetan ez zen haragirik jaten… hori guztia jakin ahalko da asteburu honetan. Eta ez hori bakarrik, zer nolako arropak eramaten zituzten eta garai horretako detaileak ere ezagutu ahalko dira.

Merkatuko produktuak


Merkatuko postuez gain, ikuskizunak ere egongo dira, programazioan ikus daitezke ikuskizun guztiak, noiz izango diren eta zein tokitan. Ikuskizun guztien artean, urtero bezala zaldien ikuskizuna egongo da, hau da, torneo antzeko bat zaldunak beraien artean borroka dezaten. Horrez gain, garaiko musika kontzertuak, antzerkiak, kontu kontalariak, suge-sorgintzaileak… ikusteko aurkera egongo da asteburuan zehar Gasteizen.

Inprobisazioaren erreinua


"Bertsolari" izeneko dokumentala da Asier Altuna zinegilearen azken lana

Elena Egino

Ospatu berri den Donostiako Zinemaldian egin zen obraren aurkezpena. Eta urriaren 14tik aurrera zineetan ikusgai egongo da. Ordura arte, sarean aurrerapena ikusteko aukera dago.

Asier Altuna, dokumentalaren zuzendaria

Aurrerapen honetan, bertsolaritzaren mundua ulertzera eta bertan murgiltzera gonbidatzen gaitu Andoni Egañak. Oholtza gainera igo eta gaia entzuten dutenetik bertsoa abesten duten arteko momentua deskribatzen du.
Inprobisazioa da duten tresna bakarra. Hortik aurrera, bertsolari bakoitzak bizipenak, pentsamenduak eta ideiak bildu, eta ahalik eta forma dotoreenean transmititu behar ditu.

Gainera, Bertsolaritza Txapelketa Nagusiaren ikuspegi ezezagun  bat erakutsi dute Asier Altunaren kamerek. Adibidez, bertsolariek finalaren aurreko momentuak nola bizi izan zituzten ikusarazi digute. Lehiakideak baino gehiago, gozatzera eta gozatu araztera doan lagun talde bat islatzen dute irudiek.


Dokumentaleko protagonistak zuzendariarekin Zinemaldian

Andoni Egañaz gain,  Miren Amurizak, Amets Arzallusek  eta Maialen Lujanbiok  ere parte hartu dute lanean, besteak beste. Hauek ere buruan dituzten hitz, ideia eta pentsamendu solteei bizia nola ematen dieten azaldu dute.  

Bestalde, lanaren alde teknikoari dagokionez, aipatu beharra dago, irudi guztiak Reflex kamerekin grabatuta daudela. Orain arte, horrelako tresnei beste erabilera bat ematen bazitzaien ere (aisialdirako, blogetarako, modu sortzaile edo esperimentalean erabiltzeko), teknologiaren aurrerapenei esker, kalitate handiko irudiak grabatzeko aukera ematen dute. 

Eurorik ez, mesedez

Gaur dirurik gabeko eguna ospatuko da Bilboko Plaza Berrian

Itziar Cantero


Dirurik gabeko eguna

Orain dela hiru urte izan zen lehengo aldiz truke azoka jarri zutela Bilbon eta iniziatiba hau jende artean ondo jaso dutela dirudi, ordutik aurrera urtero egiten ari baitira. Aurten, euroak onartzen ez dituzten azoka bitxi hau ez da urrian izango, gaur ospatuko da.

Urtero bezala, kaleak musikaz eta giro alai batez beterik egongo dira. Eta aurten ere, merkatua bi gunetan banatuko da: lehenengo gunean trukeak egiteko postuak egongo dira, bertan nahi duzuna lortzeko zure gauzekin trukeak egin beharko dituzu; eta bigarrenean hitzaldiak emango dira: zenbait material mota nola berziklatu daitezkeen azaltzeko…

Programazioan ikus daiteke 10:30etatik 20:00ak arte, hainbat ekintza, kontzertu, hitzaldi eta nola ez, merkatu postu egongo direla Bilbotik.

Hasieran merkatu mota hau ez zen ondo ikusten jende artean, baina orain gero eta gehiago zabaltzen ari da salerosketa egiteko era berezi hau. Seguruenik krisi ekonomikoa dela eta, gero eta jende gehiago baitago beharrezko gauzak erosi ezin dutela. Izan ere, Bilbon lehenengo dohainikako denda zabaldu dute aurten, De balde izenekoa. Dendaren politika zera da: “benetan beharrezkoa duzuna hartu ezazu”.

martes, 20 de septiembre de 2011

Metamorfosi piktorikoa: epaile espainiarra militar bihurtua


Amsterdameko Rijsmuseum museoak Goyak margoturiko erretratu ezkutua aurkitu du

Leyre Eguskiza

“Ramón Satué-ren erretratua” (1823) margolanaren sekretuak argia ikusi du Amsterdameko Rijsmuseum museoaren eskutik. Goyaren maisulanaren azpian 1809-1813 urteen artean margoturiko beste pertsonaia bat ageri da, seguruenik Jose Bonaparterekin Madrilera joandako jeneral bat. Dena den, adituak bigarren hipotesi batekin ibili dira lanean, alegia,  pertsonaia hori Jose Bonaparte bera dela. Azken hau, ordea, alde batera utzi dute bi arrazoirengatik: jarrera informalegia da eta ez du erretratu napoleonikoen ikonografia bereizgarririk.

Aurkintza hau posiblea izan da X izpiak eta fluoreszentzia konbinatzen dituen teknika berritzaile bati esker, Ambereseko (Belgika) eta Delft-eko (Holanda) unibertsitateek elkarrekin garaturikoa. Joris Dik Delft-eko Unibertsitate Teknologikoko irakasleak teknika berriak dakartzan aurrerakuntzak azaldu ditu: “ Eskaner mugikor berria museora ekarriz, margolanaren geruza-mapa marraztu dezakegu. Horrek, koadroa ia ukitu gabe, ikus daitekeenaren azpian dauden pigmentu eta koloreak sumatzeko aukera ematen digu”.

 Egindako ikerkuntzen arabera, pertsonaiak espainiar independentziaren aldeko guda-uniforme frantsesa darama. Gainera, uniformea apaintzen duten xehetasunak Jose Bonaparte Espainiako erregeak sortutako zalduneriaren maila altuenarenak dira. Ikertzaileen hitzetan, posible da 1813. urtean, tropa frantsesak Espainiatik kaleratuak izan zirenean, jeneral frantsesaren erretratua bertan behera uztea. Hamar urte geroago, Goyak Satué margotzea erabaki zuen, oso egoera zailean. Margolaria 1820ko Konstituzio liberalaren alde agertu zen, baina Fernando VII.ak absolutismoa berrezarri zuenez, Napoleonekin loturiko margolan bat edukitzea oso arriskutsu bihurtu zen. Beraz, zigorren beldur, Satué margotu zuen aurreko pertsonaiaren gainean.

Herbehereetan dagoen margolariaren koadro bakarra Boijmans Van Beuningen museoan egongo da ikusgai 2013ra arte, Rijksmuseum-eko eraikin nagusia ireki arte, hain zuzen ere. Halaber, urriko The Burlington Magazine arte- aldizkariak gai honi buruzko artikulu sakona argitaratuko du.


Ezkerrean, "Ramón Satué-ren erretratua" margolana. Eskuinean, azpian aurkitutako margolana


lunes, 19 de septiembre de 2011

Argiak, kamera...IRUDIMENA!!

  
Fuerzabruta antzezlana ikusgai egongo da Bilboko La Casilla pabiloian irailaren 24tik urriaren 2ra arte

Leyre Eguskiza

La Casilla aretoa hitzezko lengoaiatik eta ohiko antzezlanetatik aldentzen den esperientzia bizitzeko prest dago. Irailaren 24tik urriaren 2ra bitartean, 360 graduko ikuskizun batek inguratuko ditu bertaraino gerturatzen diren guztiak.

 
 "Begiratu gora, albora, ingurura, ekintzak inguratzen zaitu"

Antzezlan bitxi honetan aktoreak, eszenografia eta publikoa izango dira antzerki-akzioa sortu eta garatuko dutenak; azken hau muntaiaren erdian kokatuz. Ikusleen buruetatik zentimetro gutxi batzuetara dagoen igerileku erraldoia izango da arreta-gune nagusia, musikaren erritmoa jarraituz mugitzen diren pertsonaiez betea. Halaber, “inoiz ikusi gabeko” efektu bereziek, dantzari hegalariek eta ametsezko sekuentziek unibertso alternatiboa sortuko dute.

Antolatzaileen arabera, Fuerzabruta “zentzumentzako jaia eta adimenarentzako erronka” bezala definitu daiteke. Haien esanetan, ikuskizuna “oso bidaia berezia” da, bertan edozer gerta baitaiteke.

Sarrerak Internet bidez eskuratu daitezke, BBK-ren orotarako sarea erabiliz, eta baita kutxazainetan ere. Prezioei dagokionez, sarrera arrunta 40 €-koa izango da, eta murriztua 35€koa (irailak 28 eta 29). Bilbon antzeztu ondoren, Fuerzabruta Madrilgo Circo Price antzerkira helduko da, urriaren 11ra arte.

Sortzaileak

Fuerzabruta 2003. urte amaieran sortu zen, Diqui James eta Gaby Kerpelen eskutik, De la Guarda taldeko sortzailea eta musikagilea hurrenez hurren. Euren proiektua motibazioa, sormena eta berrikuntza bultzatzen zituen konpainia berria izateko helburuarekin jaio zen, eta apustu bitxi honi Alejandro García (zuzendari teknikoa) eta Fabio Dáquila (Stage Antolaketa orokorra) gehitu zitzaizkion geroago. 

2005ean Buenos Airesen estreinatu zenetik, ikuskizuna munduko hainbat lekutan ibili da: Nueva York, Lisboa, Bogotá, Londres, Miami, Edimburgoko Fringe jaialdi entzutetsua… Azken honetan, esaterako, kritikari eta publikoaren babes osoa jaso zuen, arrakasta ikaragarria lortuz.


Fuerzabruta ikuskizunaren trailerra



sábado, 17 de septiembre de 2011

Mugak gaindituz

Elena Egino

"Los perfectos. Un mundo sin límites" antzezlanak minusbaliatuen mugez gogoeta egiten du. Bost dira bertan lan egiten duten aktoreak. Batzuk minusbaliatuak diren arren,  baldintza bakarra bete behar izan dute parte hartu ahal izateko; aktore onak izatea, minusbaliatuak izan ala ez.

Antzezlanean lan egiten duten aktoreak

Angel Mario Fernandez idazle argentinarrak zuzendu du ordubete irauten duen komedia ironiko hau. Minusbaliatuen bizimoduaz eta horiek gizartearekin duten erlazioaz hausnarketa bat egin nahi izan du.

Egoitza batean bizi diren bost minusbaliatu dira obraren ardatza. Beraien ardurapean dagoen emakumea hil ostean, oinordekoek egoiliarrak kaleratu nahi dituzte. Egoera horretan, antzezlan bat egitea erabakitzen dute dirua biltze aldera. Erronka horren bitartez, beraien bizitzan aurrera egiteko dituzten baliabideak erakutsiko dituzte.


Angel Mario Fernandez, obraren zuzendaria


Arantzaz beteriko ibilbidea izan da antzezlana gertatzearena. Izan ere, proiektuarekin duela bi urte hasi ziren. Hasiera batean Ana Perezek aritu behar zuen zuzendari lanetan, baina, zenbait ezbehar izan zirela medio, proiektua atzeratu egin zen. Eta Patxi Hermosok hartu zuen testigua. Ezbeharrez, obra estreinatzear zegoela, hil egin zen. Azkenean, arrasaten bizi den Angel Mario Fernandez izendatu zuten obraren arduradun.

Irunen estreinatu zuten antzezlana, uztailaren 14an. Hala ere, estrainaldi orokorra Soraluzen egingo dute. Horren ostean, lana Arrasatera eta ibarreko gainerako herrietara eramatea da Fernandezen nahia; antzezlanak bide luzea izango duela uste baitu. 

Alfonbra gorria Donostian

Iraila heldu da eta urtero bezala Donostia gorriz jantzi da Zinemaldiari ongi etorria emateko. Bederatzi egunez zinea disfrutatzeko aukera egongo da; atzo hasi zen zine jaialdia eta Irailaren 24ra arte iraungo du.

Itziar Cantero

Aurten, Juan Carlos Fresnadilloren film berriak eman dio hasiera jaialdiari, hots 'Intruders' filmak. Beldurrezko thriller honetan Clive Owen eta Pilar López de Ayala protagonistak dira eta ez zuten jaialdia galdu izan nahi, bertan izan ziren pelikula aurkezteko. Beldurra pasata, bigarren filma aurkeztu dute, Iria Gómezen 'Asalto al cine', Mexikoko kaleetan grabaturiko eta gazteei zuzendutako pelikula.


"Intruders"



Baina Donostian ez ziren filmak soilik egon, jendea alfonbra gorrira hurbildu zen aktore eta zuzendari gustokoenak ikustera. Esperoena eta zalaparta handiena sortu zuena Clive Owen izan zen, dudarik gabe, baina ez zen bakarra izan, Pilar López de Ayala, Paula Echevarria, Alex de la Iglesia, Bai Ling… ere bertan izan ziren.

Hurrengo egunetan film gehiago aurkeztuko dira jaialdian, programazioan ikusi daiteke hain artean 'El precio de la libertad' pelikularen aurrestrenaildia dagoela. Irailaren 19an aurkeztuko da Ana Murugarrenen pelikula hau, Mario Onaindiaren bizitzan oinarritzen dena eta 20:30etan, Victoria Eugenian ikusi ahal izango da.


"Epaimahaia"

Kukutza III Gaztetxea

Rekaldeko Kukutza III Gaztetxea husteko agindua eman dute azken agun hauetan eta horren aurka agertu dira

Itziar Cantero

Urtero irailean agenda kulturalari hasiera ematen dio Kukutza III Gaztetxeak eta aurten, husteko agindua alde batera utziz, martxan jarri dituzte kurtso guztiak: dantzak, zirkoak, eskulanak… Eta ez hori bakarrik, agenda biderkatu dutela aipatu dute.

Gaztetxeak Eusko Jaurlaritzari gaztetxea ez husteko eskatu dio. Eta horrela ez bada ere, argi daukate bitartean ekintza kultural eta social aktiboekin erresistentzia jarriko dutela. “Gaztetxea gure indar eta lagun guztiekin defendatuko dugu” horrela adierazi du gaztetxeak ez direla geldi geratuko. Erresistentzia kulturala planifikatuta daukate dagoeneko eta egitaraua ziurtatuako tailer eta ekintzekin bete dute.

"Kukutza III Gaztetxea"

Europatik ere gaztetxearen alde elkartasun adierazpenak adierazten ari direla adierazi du Kukutzak, izan ere, pasadan asteazkenean ekitaldi bat antolatu zuten Hamburgon.

Eraikina defendatzeko jendea animatzeko saiakerak egiten ari dira gaztetxeko kideak, horretarako, Kukutza inguruetatik lo egitea eskatzen ari dira beraien blogetik.

Badirudi ez dutela inora joateko asmorik eta ez dutela amore emango.


"Erresistentzia aktiboa"

viernes, 16 de septiembre de 2011

Heldu dira San Martin Jaiak Bergarara!

Elena Egino
 
Drum drum drum...urrunetik entzuten da. Drum drum drum... gerturatzen dabiltza. Drum drum drum... japoniar soldaduen lantzak ikusten dira. Drum drum drum...dudarik gabe, beraiek dira... Kaiola batean sartuta daude... Ez dago atzera bueltarik...
San Martin Agirre  eta hainbat kristau preso hartu dituzte; japoniarrek gurutziltzatu egin behar dituzte. Beraien bekatua: munduan zehar kristautasuna zabaltzen saiatzea.

1597. urtean kokatzen da gertakaria, Nagasakin (Japonia). Martin Agirre buru zuen kristau talde bat Gipuzkoatik Japoniara abiatu zen misiolari gisa. Urtebete baino ez zen pasa japoniar agintariek kristauen kontrako jazarpena hasi zutenean. Egun batzuen buruan, Nagasaki hiriaren kanpoaldeko mendixka batera eraman zituzten preso guztiak. Gurutza batzuetara lotu zituzten eta lantzak sartu zizkioten 4000 pertsonen aurrean.

Irailaren 15ean Bergaran (Gipuzkoa) egiten den danborradan guzti hau antzezten da. Elkarte desberdinek danbor hotsez betetzen dituzte herriko kaleak. Japoniarrak atzekaldean kokatzen dira. Enperadorea tronu batean eserita joaten da, geishaz inguraturik. Kristau talde bat -San Martin Agirre barne- kaiola batean daramate preso; heriotza hurbil sentitzen dute. Santuaren izen berdina duen herriko plazarantz abiatzen dira denak; bertan amaitzen baita ibilbidea.  
Japoniarrak beraien karrozan

Bergarar guztiak plazan daudela, danborradako ereserkia abesten da,
zeinaren melodia japoniako ereserkian oinarritzen den. Herriko udal bandak jotzen duen abestiarekin amaitutzat ematen da bi ordu inguru irauten duen ikuskizuna.
Esan beharra dago, gau hau emozio handiz bizi izaten dutela bergarar guztiek. Izan ere, herritarrek herritarrentzat eginiko ikuskizuna da.


Elkarte bat danborradan Bergarako kaleetan zehar

jueves, 15 de septiembre de 2011

Eguna eta gaua

Antonio Lopezen bi eskultura ikusgai daude Bilbon, Arte Ederren museoko erakusketaren aurrerapen gisa

Leyre Eguskiza

“Carmen esna” eta “Carmen lo” brontzezko bi eskultura erraldoiak Bilbora iritsi dira, Arte Ederren museoak BBK Fundazioarekin batera antolatu duen erakusketaren barruan. Urriaren 10etik aurrera ikusgai izango diren 130 obren aurrerapen txiki bat dira Bilboko BBKren egoitza nagusiaren aurrean, Kale Nagusian, eta Arte Ederren museo atarian ezarritako eskulturak.

“Eguna” eta “Gaua” izenez ere ezagunak diren obra hauek Lopezen sei hilabeteko biloba dute oinarri. Kale Nagusian kokaturiko “Carmen esna” edo “Eguna” neskatoaren buru erraldoia da, begi handi eta zabalduak dituena.
Javier Viar Arte Ederren museoko zuzendariak adierazi bezala, obra kalean kokatzeak jendea erakartzea eta erakusketaren “erakusleiho” izatea du helburu. Halaber, hiriak duen zabaltze-asmoaren adierazle bezala deskribatu du ekimena Viarrek.
Arte Ederren museoan dagoen “Carmen lo” edo “Gaua”, bestetik, begiak itxita dituen ia mila kiloko buru errealista da. Antonio Lopez margolariaren arabera, bi buruek denboraren joan- etorria adierazten dute: “…tamaina berekoak dira, neskato berarenak, adin berekoak…”.

Javier Viarren hitzetan, Bilbora iritsi diren eskulturak kopiak dira, Lopezek jatorrizkoen dimentsio txikiagoak dituzten hiru kopia egitea baimendu baitu. Horietariko bikote bat Bostoneko Arte Ederren museoan (AEB) dago, eta bestea Madrilgo Atocha geltokiaren aurrean. Hala ere, “Carmen” eskulturen bikotea “izugarrizko arrakasta” izatea espero  den erakusketaren zatitxo bat baino ez da. Gainera, Thyssen-eko zuzendaria eta margolariaren alaba komisario diren erakusketa honetan erretratuak, margolan surrealistak, estudioko margolanak, eskulturak eta Madrilgo ikuspegi panoramikoak ikus daitezke. Bilbora heldu aurretik, Antonio Lopezen maisulanez gozatzeko aukera dago Madrilgo Thyssen-Bornemisza museoan, irailaren 25era arte.

"Carmen esna"
"Carmen lo"
                

martes, 13 de septiembre de 2011

Musika eta kolorez blai

Musikaleren XI.edizioak musikaz beteko ditu Leioa, Erandio, Basauri eta Sestaoko kaleak irailaren 16tik 18ra

Leyre Eguskiza

Ehun musikarik baino gehiagok hartuko dute parte asteburu honetan ospatuko den XI. edizio honetan. Espainia, Frantzia, Brasil eta Erresuma Batuko hamabi bandek eratuko dute aurtengo programa, “kalitatea” eta “nazioartekotasuna” ezaugarri nagusiak direlarik. Hiru egunetan zehar, beraz, musika estilo ugariz margotuko dira Leioa, Erandio, Basauri eta Sestaoko kale eta plazak.

Gerturatzen diren musikazaleek rock, folk,blues edota jazz musikaz gozatzeko aukera izango dute zenbait nazio-talderen eskutik: “Brincandeira” eta “New Orleands Pussycats” katalanak; “El Cuarteto Maravilla” andaluziarrak; “La Magnifique Bande Dos Homes sen Medo” galiziarrak; “Mastretta” eta “Millon Dollar Mercedes Band” madrildarrak; “Sedajazz” valentziarrak; “Fanfarre muthiko anaiak” euskaldunak eta Gaztela eta Leongo “La parrús Dixie Band” taldea.
Nazioarteko banden artean,besteak beste, Frantziako “The Brassmatics”, Brasilgo “Samba pa´ti” eta Erresuma Batuko “Graffiti Classics” ditugu.

Josune Ariztondo Kultura diputatuak adierazi duenez, Musikalek kultura “kalera atera” nahi du, publikoaren eta artistaren arteko harremana hurbilago eginez.
Halaber, 210.000 euroko antolaketa- gastuei aurre egitea ahalbidetu duen “erakundeen arteko lankidetza” azpimarratu nahi izan du Ariztondok.

Eneko Aurrebarrena Leioako alkatearen ustez, kalean bertan kalitatezko aisiaz gozatzea litzateke Musikaleren xede nagusia. Gainera, herriari bizitasuna eman eta inguruko herrietako jendea erakartzen du kaleko musikaldi honek. Arrizen Monasteriok, Erandioko kultura zinegotziak, nabarmendu du gerturatzen diren guztiek “kolorez betetako” lau herriok ezagutzea nahiko lukeela.


"La Parrús Dixie Band" taldea