martes, 13 de diciembre de 2011

BBVA Liga | Real Madril 1 - Bartzelona 3

Blaugranak Jaun eta Jabe

Real Madrilek lehenengo minutuan gola sartu arren, Bartzelona magikoaren futbola nagusitu zen atzo Bernabeun

Leyre Eguskiza 

Bi handien arteko borrokan Guardiolaren taldea nagusitu da aurten ere, Ligako bere aurkaririk zuzenena errealitatera itzularaziz. Bartzelonaren futbol onak Real Madrilen indarrari gaina hartu zion, eta katalanek Klasikoen historiako golik azkarrenari aurre egiten jakin izan zuten. 25. segundoan, despistatuta zegoen Valdesek Abidali baloia gaizki eman zion oinarekin eta Di Mariak pase txar hori gelditzea lortu zuen. Erdialderantz jo eta Busquets-en aldaratze faltsua Benzemarengana heldu zen. Honek aprobetxatu eta partiduko lehen gola sartu zuen, markagailua zurien alde jarriz.

15 partidu jarraian irabazi zituen Mourinhoren taldeak amestutako partida- hasiera zuen eskuartean, baina hasierako presio hori murrizten joan zen denbora pasa ahala.  Bartzelonak, ordea, ez zuen fedea galdu eta bere handitasunean hazi egin zen. Sei minutu igarota, Iker Casillasek Messiren oso jaurtiketa arriskutsua atera zuen hatz puntekin. Une horretatik aurrera bi erraldoi hauen indarrak berdindu eta jokatzeko modu oso ezberdinak ikusi ziren Bernabeu estadioan.

Benzema, Real Madrilen gol goiztiarren autorea

Xaviren falta jaurtiketa zuzenak tiro pozoindua bidali zion Casillasi 22. minutuan, baina honek ukabilekin urrundu zuen. Bi minutu geroago, bigarren gola sartzeko aukera izan zuen Real Madrileko ‘7’ak, Bartzelonako defentsaren hutsegite batek sortua, baina oso desbideratuta joan zen. Katalanek lanean jarraitu zuten eta beren esfortzuek azkenean fruitua eman zuten 29. minutuan. Partidu osoan bikain aritu zen Alexisek Messiren jokaldi ederrari amaiera eman zion, buruz buruzkoan Real Madrileko atezaina gaindituz eta markagailuan 1-1ekoa jarriz.

Atsedenaldiaren ondoren Bartzelonak nagusi izaten jarraitu zuen eta 52. minutuan Xavik 1-2a lortu zuen. Erdilariak area kanpotik jaurti eta baloia, Marceloren hankan errebotatu ondoren, sare barrura joan zen. Alexisek eta Messik hirugarrena etor zitekeela iragarri zuten, tartean Cristiano Ronaldok kanpora joan zen aukera bat ere izan zuela. Hirugarrena azkenean 65. minutuan iritsi zen, Cesc Fabregasek baloia buruz bikain jota. Partidaren azken aukera Kakák izan zuen 83. minutuan, baina zuriek ez zuten 1-3 hori aldatzea lortu.

Alexis, Bartzelonako lehenengo gola ospatzen. Partida osoan bikain aritu zen

Beste askotan bezala, Mourinhoren Real Madrilek presioaren aurrean joko oso bortitzarekin erantzun zuen, eta hori Pepe, Ramos eta Coentroren sarrera gogorrekin geratu zen agerian.

1-3koa izan da azkeneko emaitza, eta hiru puntu horiei esker Bartzelona lehenengo postuan kokatzen da Real Madrilek dituen adina punturekin. Hala ere, Guardiolaren mutilek partida bat gehiago jokatu dute.


Partidaren bi aurpegiak: Real Madrilen etsipena, Bartzelonaren alaitasunaren aurrean


PARTIDA ZENBAKITAN









KLASIFIKAZIOA



Partidaren laburpena (gol guztiak)

No hay comentarios:

Publicar un comentario