lunes, 5 de diciembre de 2011

Europar Zinema Sariak

Lars von Trier-en ‘Melancholia’, 2011ko europar pelikularik onena

Fernando Truebak animaziozko luzemetraiarik onenaren saria eskuratu zuen ‘Chico y Rita’ lanagatik

Leyre Eguskiza

Lars von Trier zuzendari daniarraren ‘Melancholia’-k pelikularik onenaren saria irabazi du, Europar Zinearen Sarien 24. edizioaren barruan. Von Trier Berlinen ospatu den ekitaldi honetan ez egoteak polemika handia sortu du, izan ere, deklarazio gehiagorik ez egitea erabaki zuen Canneseko jaialdian Hitlerrekiko “sinpatia” zuela adierazi ondoren.

 
Munduaren amaierari buruzko film hau zortzi sarirentzako hautagaia zen, baina azkenean hiru baino ez ditu lortu: filmik onenarena, Carlo di Palma saria argazkilaritzarik onenari eta Zuzendaritza Artistikorik onenaren saria.



Zinema espainiarrari dagokionez, Fernando Trueba, Javier Mariscal eta Tono Errandoren ‘Chico y Rita’-k animaziozko luzemetraiarik onenaren saria eskuratu du. Saria jasotzean, Truebak Bebo Valdés musikaria oroitu nahi izan du: “Sari hau nire lagun eta musikari Bebo Valdési eskaini nahi diot, pelikula egiteko inspirazioa izan baita”. 
Halaber, “Balada triste de trompeta” edo “Los crímenes de Oxford” pelikulen produktorea den Mariela Besuievsky espainiar-uruguaitarrak Eurimages saria jaso du. Besuievskyk, sari hau jaso duen bigarren emakumeak, produkzio independentearen eta elkarlanaren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen.

Aktore onenari dagokion sarietan, Tilda Swinton nagusitu zen emakumeen arloan “We need to talk about Kevin” pelikularekin eta Colin Firth gizonezkoenean, “The King´s Speech”-ekin. Lau Oscar lortu dituen azken film honek, gainera, Editore onenaren eta Publikoaren sariak ere lortu ditu. 
Zuzendari onenaren saria ere Danimarkara joan da, Susanne Bier daniarrak eskuratu baitu “Haevnen” bere lanagatik.
Azkenik, Zinema Europarreko Akademiaren sortzaile eta zuzendaria den Wim Wendersen ‘Pina’ da  Europako dokumentalik onena.

Europar kultura, politikaren gainetik

Europar Zinearen Sarien 24. edizio hau errebindikaziorako ekitaldi bihurtu nahi izan dute, kontinenteak bizi duen balio-krisiari aurre eginez. Horren harira, Wim Wenders Europar Zinema Akademiako presidenteak irekiera- ekitaldian adierazi zuen “Zinema eta kulturaren Europa ez da bankari eta politikarien Europa”, eta demokrazia eta integraziorako deia egin zuen.


'Melancholia' trailer ofiziala




'Chico y Rita' trailerra

No hay comentarios:

Publicar un comentario