miércoles, 30 de noviembre de 2011

‘La chispa de la vida’ pelikularen aurrestreinaldia Bilbon

Alex de la Iglesiaren filma Alhondigako Golem zinemetan izango da ikusgai gaur

Leyre Eguskiza 

Euskadiko Filmategiaren eskutik, Alex de la Iglesiaren ‘La chispa de la vida’ filma aurrestreinatuko dute gaur Bilboko Alhondigako Golem zinemetan, arratsaldeko 20:00etan. Jose Mota eta Salma Hayek protagonista dituen filma 2012ko urtarrilaren 12an estreinatuko da zinema aretoetan.

Première hau filmotekak antolatu duen 'De la Iglesia. Atzera begirako perfektua' zikloaren barnean dago. Ziklo berezi honetan, 80. hamarkadatik gaur egunera arteko bere lan guztiak proiektatuko dira hiru hiriburu euskaldunetan eta Baionan.

 ‘La chispa de la vida’ pelikularen proiekzioaren aurretik, Alex de la Iglesia zuzendari bilbotarrak prentsaurreko bat eskainiko du gaur bertan Donostian, bere azken lan honen inguruko zehaztasun gehiago eskaintzeko.

Gaurkoa aurrestreinaldi ofiziala den arren, pelikulako protagonista nagusiak ez dira Bilbon izango. Horien artean Blanca Portillo, Juanjo Puigcorbé, Fernando Tejero, Santiago Segura edota Carolina Bang daude. Azken hau De la Iglesiaren ‘Balada triste de trompeta’ filmeko protagonista nagusietako bat da.

Azaroaren 2an egin zen atzera begirakoaren aurkezpena, eta bertan De la Iglesiak filmaren grabazioa “ez zela batere erraza izan” aitortu zuen, “asko sufritu” baitzuen protagonista inguratzen duten “putreak” ikusita. Era berean, bere hurrengo proiektua komediari lotuta egongo dela aurreratu zuen, eta horretarako ‘El día de la Bestia’ pelikulan erabili ez zituen ideia batzuk berrerabiliko ditu.

Erreskate arriskutsua

Roberto, Coca-Colaren ‘la chispa de la vida’ slogana sortu zuen publizista, langabezian dago eta ez du lortzen publizitate agentzietan lanposturik eskuratzea. Hala ere, bere bizitzak 360ºko bira emango du hil edo biziko istripu bat duenean. Roberto harrapatuta gelditzen da eta inor ez da ados jartzen bera erreskatatzeko moduan. Nahaste horren erdian, publizistak egoeraz aprobetxatzea erabakiko du eta telebistei ahalik eta esklusibarik potoloena saltzea, bere familiaren egoera ekonomikoa hobetzeko.


'La chispa de la vida' pelikularen trailerra

martes, 29 de noviembre de 2011

Kultura Bonua

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 660.000 euro bideratuko ditu Kultura Bonuetarako

Abenduaren 12tik urtarrilaren 5era egongo dira salgai

Leyre Eguskiza

Gabonetara begira eta aurreko urteetako arrakasta ikusita, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak aurten ere Kultura Bonoak eskuratu ahal izango direla jakinarazi du. 660.000 euro bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzak kulturarekin loturiko produktuak erosteko bonu horietara, eta guztira 44.000 jarriko dira salgai.

2010. urteko Kultura bonoen antzera, aurtengoak ere entitate finantzarioetan eskuratu ahal izango dira abenduaren 12tik urtarrilaren 5era arte, 25 eurotan. Hala ere, horien bidez 40 euroko balioa izango dute erabiltzaileek liburuak edo diskoak erosteko, baita museoak bisitatzeko edo zinera, antzerkira edo kontzertuetara joateko. Bonuetako 15 euroko diferentzia, beraz, hori Eusko Jaurlaritzak ordainduko du.

Programaren gaineko kontrola ezartzeko, Kultura Sailak hautaturiko entitate kolaboratzaileek multizerbitzu kutxazainen bidez baino ezingo dituzte bonuak saldu, eta kreditu- txartel bakoitzarekin kultura- bonu bakarra erosi ahal izango dute erabiltzaileek.

Nahi duten merkataritza saltokiek Kultura Bonuetako programara atxikitzeko epea azaroaren 24an hasi zen eta abenduaren 7ra arte luzatuko da. Bestalde, bonuak eskuratu dituzten pertsonek horiek abenduaren 12tik eta urtarrilaren 20ra bitartean erabili ditzaketela jakinarazi dute Kultur Sailetik.

Eusko Jaurlaritzak proiektu hau martxan jartzen duen hirugarren urtea da, Euskadin “produktu kulturalak sustatzearen bidez produkzio artistikoaren eta kulturalaren merkatua dinamizatzeko” helburuarekin.


Kultura bonoa sustatzeko spota

sábado, 26 de noviembre de 2011

Euskaltzaindiak “Euskal Gramatika. Lehen Urratsak- VII” aurkeztu du Bilbon


EGLU egitasmoari amaiera ematen dion liburukia da, zazpigarrena, alegia
Elena Egino
Euskaltzaindiako kideak gaurko aurkezpenean

Euskaltzaindiak “Euskal Gramatika. Lehen Urratsak- VII (Perpaus jokatugabeak)” liburukia aurkeztu du gaur Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. “Euskal Gramatika. Lehen urratsak” izeneko bildumari amaiera ematen dio gramatika batzordeak egin duen liburuki honek. Andres Urrutia euskaltzainburua, Andoni Sagarna Iker sailburua eta Pello Salaburu Gramatika batzordeko burua egon dira aurkezpenean. 
EGLU VII-ren portada
“Euskal Gramatika. Lehen Urratsak -VII” lanean perpaus jokatugabeak aztertzen dira; hau da, aditza bai, baina aditz jokorik ez dute perpausak. Denborazkoak, kausazkoak eta helburuzkoak, baldintzazkoak, kontzesiozkoak, moduzkoak, erlatiboak eta osagarriak zehaztasunez deskribatu eta aztertu dira. 

Liburuki honen aurrekaria den “Euskal Gramatika. Lehen Urratsak” bilduma 1984.urteko aurkeztu zen, Iruñean, Euskaltzaindiaren X. Biltzarrean. Pello Salaburuk esan du: “urte luzeetako eta jende askoren lana da hau”. 

Aurreko liburuki guztiak Akademiaren webgunean kontsulta daitezke. 

Eusko Jaurlaritzak euskarazko azpidatziak bultzatzeko proiektu bat bultzatu du


Filmazpit izeneko proiektuaren bitartez euskarazko azpitituludun filmak eskainiko dituzte
Elena Egino

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikoko sailburuordetzak Filmazpit egitasmoa abiatu du, euskarazko azpitituluak dituzten filmak bultzatzeko. Donostia Kulturak kudeatuko du eta Zinemalidaren, Euskal Filmotekaren eta Tabakaleraren laguntza izango du. 
Eusko Jaurlaritzak sustatutako egitasmoaren kartela


Filmazpiten barrua, bi zati desberdintzen dira. Batetik, urtero 10 filmez osatutako katalogo bat eskainiko dute. Filmazpit.eu web orrialdearen bitartez, kultur-etxe, elkarte edota zineklubek film horiek eskatzeko aukera izango dute. Baldintza bakarra dago; filmak hartzen dituztenek, irabaz asmorik gabeko doako saioetan proiektatu beharko dituzte. 

Bigarrenik, webguneak azpidatzien datu base bat izango du. Bertan, azken urteetako zinema jaialdietan proiektatutako filmak eskainiko dira euskarazko azpitituluekin. Edonork izango du horiek deskargatu ahal izango ditu; emanaldiaren eskubideengatik ordaindu beharko du soilik.
Datorren urterako aurrekontua adostuta dago, egitasmoaren jarraitasuna bermatze aldera. Lehenengo edizioa den honetan, aurrekontua 123.000 eurokoa izan da. Horietatik, 96.000 euro inguru Eusko Jaurlaritzak jarri ditu. 

Dagoeneko 6 programa daude erabiltzeko moduan; guztiak Beldurraren Astetik eta Zinemaren eta Giza Eskubideen Jaialditik pasatu dira: Armadillo, Janus Metzena; Pink saris, Kim Longinottorena;  Infestation, Kyle Rankinena; My neighvor my killer, Anne Aghionena; Stake Land, Jim Micklerena.

jueves, 24 de noviembre de 2011

20 urte pasa dira Freddie Mercury hil zenetik

1991ko azaroaren 24an hil zen Queen taldeko abeslaria, 45 urte zituelarik

Itziar Cantero

"Freddie Mercury"

Gaur, azaroak 24, 20 urte bete dira Freddie Mercury hil zela. 45 urte zituen Queen taldeko abeslaria eta IHESA zuela adierazi zuen egun bat beranguago hil zen, bronkopneumoniak jota.


1970an rockaren historiako talde garrantzitsuenetarikoa sortu zuen Mercuryk, Brian May gitarra-jotzailearekin eta Roger Taylor bateria-jotzailearekin batera. 12 disko argitaratu zituzten eta 170 milioi ale baino gehiago saldu zuten.

Ereserki bilakatu diren abestiak sortu zituen talde britaniarrak, haien artean daude ‘We will rock you’, ‘Somebody to love’,  ‘I want to break free’, ‘Bohemian Rhapsody’ eta ‘We are the champions’ kanta ospetsuak.

Bakarlari moduan, Mercuryk arrakasta handia lortu zuen ‘Living in my own’ abestiarekin eta homosexualentzat ikur bihurtu zen. Agertokietan, liluraz bebetako ikuskizunak eskaintzen zituen artista iraultzaile, karismadun eta probokatzaile honek.

80. hamarkadako ikono bilakatu zen abeslari honen abesti ospetsuenetakoa ‘Barcelona’ da, Montserrat Caballerekin abestu eta Bartzelonan 1992ko Olinpiar Jokoetarako abesti ofiziala izateko idatzia izan zena.

"Don't stop me now - Queen"

Azken eguneratzeak!

Baieztatuta: 'The Boss' Anoetan izango da ekainaren 2an


Get In enpresak albistea baieztatu du gaur


Leyre Eguskiza

Ofiziala da, Bruce Springsteen 2012ko ekainaren 2an itzuliko da Donostiako Anoeta futbol zelaira, E Street Band talde famatuarekin batera. Azken egun hauetan espekulazio asko zabaldu dira sarean, eta asteartean blog honetan aurreratu genuen moduan, ia ziurra zen kontzertuaren data. Hala ere, gaur arte itxaron du Get In enpresak albistea egiatzat emateko.

Kontzertua gaueko bederatzietan izango dela jakinarazi dute, eta sarrerak abenduaren 2an jarriko dituzte salgai 65 eta 83 euro artean. Sarrerak eskuratzeko hainbat gune daude:  www.doctormusic.com eta www.ticketmaster.es web orrialdeak, 902 15 00 25 telefonoa eta Fnac, Carrefour edota beste puntu ofizialak.

Disko berria aurkezteko bira mundiala Sevillan hasiko da maiatzaren 13an eta ondoren Springsteenek hiru kontzertu gehiago eskainiko ditu Espainian: maiatzaren 17an Bartzelonan, ekainaren 2an Anoetan eta ekainaren 17an Madrilen.

miércoles, 23 de noviembre de 2011

Mangaren mundua Getxon

Getxoko X. Komiki Azoka azaroaren 25, 26 eta 27an izango da Areetako Geltokiko plazan

Itziar Cantero

"X. Getxo Komiki eta Manga Azoka"
Getxoko Komiki eta Manga Azoka gero eta hurbilago dago. Azaroaren 25etik 27ra Mangaren munduaz gozatzeko aukera egongo da Getxoko Areetako Geltoki plazan. Bertan, komikiak, liburu espezialiatuak, aldizkariak, fanzineak eta komiki munduko sektorearekin zerikusia duen guztia biltzen dituzten 80 postu egongo dira.

Aurten, hiru autore bilduko dira azokan Komikiaren Sari Nazionala jasotzeko: Max (2007), Paco Roca (2008) eta Santiago Venezuela (2011), edizio honetan parte hartuko dutelarik. Autore hauetatik aparte, beste hainbat eta hainbat hurbilduko dira Getxora, haien artean Luis Royo, David Rubín, Mireia Pérez, Nancy Peña, Manuel Bartual eta Luis Bustos izango dira.

Hamargarren edizio honetan Joseph María Berenguer, La Cúpula argitaletxeko editorea, homenduko da, baita Bilboko Astiberri argitaletxea ere. Erakusketa bat egongo da, non Belgikako komikien eta jazz eta blues-aren arteko harremana azalduko den.

Merkatal postuez gain, azokako programazioaren barnean hainbat ekintza eta artista famatuen hitzaldiak, aurkezpenak eta sinaketak egongo dira. Horretaz aparte, berrikuntza erakustaldiak egongo dira argitaletxe eta autore ezberdinen eskuetatik. Eta nola ez, dokumentalak, laburmetraiak eta multimedia lanak erakutsiko dira.

"2010eko Komiki Tailerra"
‘The Boss’ Donostiara bueltan

Oraindik baieztapen ofizialik ez badago ere, zenbait hedabide digitalen arabera Anoeta estadioan izango da Bruce Springsteen 2012ko ekainaren lehenengo asteburuan
Leyre Eguskiza


Bruce Springsteen Donostian emandako azken kontzertuan (2008)
 Bruce Springsteen Estatu Batuetako abeslaria Gipuzkoako hiriburura itzuliko dela jakinarazi da gaur. Springsteen Anoeta estadioan izango da ekainaren 2 edo 3an, bere disko berria aurkezteko biraren barruan. Artistak edo antolatzaileek baieztapen ofizialik eman ez badute ere, sarean oso azkar hedatu da albistea, eta lehenagotik ere zabalduta zegoen arren, hedabide digital askok Twitter bidez ziurtzat jo dute (Gazteak eta Ser kateak, esaterako) gaur.

Get In enpresak, 2008an Bruce Springsteen Donostiara ekarri zuenak, Anoeta estadioa erreserbatu du maiatzeko edo ekaineko egun baterako. Hala ere, enpresako burua den Iñigo Argomanizek ez du albistea baieztatu edo ezeztatu nahi izan, komunikatua artistaren bulegoak igorri behar duela esanez.

Estudioko lan berria eta bira ia prest dituen arren, Erresuma Batuari dagozkion data zehatzak baino ez ditu konfirmatu bere web ofizialean eta Twitterren: ekainaren 21ean Sunderlanden egongo da, 22an Manchesterren, 24an Wight uhartean eta uztailaren 14an Londresen. Hala ere, aste honetan kontzertuen data ofizial guztiak baieztatuko dituztela adierazi du abeslariak.

“Musika guztia ia eginda dago baina oraindik ez du izenbururik”, esan du Springsteenek. Halaber, taldekideak hurrengo urtera begira martxan duten proiektua gogo handiarekin hartu dutela nabarmendu du.

Euskal Herriaz maiteminduta, ez da lehen aldia Bruce Springsteenek Donostia bisitatzen duena. 2008ko uztailaren 15ean kontzertu arrakastatsua eskaini eta urte bat geroago, Bilboko San Mames estadioan jo baitzuen ‘The Boss’ek.


Bruce Springsteenek 2008an Donostian emandako kontzertuaren bideoa


lunes, 21 de noviembre de 2011

Arriaga Antzokia,‘The Spencers’en magiaz blai

Mago estatubatuar ospetsuen ikuskizuna estreinatu zen atzo Bilbon

Leyre Eguskiza

‘Houdini berriak’ izengoitiarekin ezaguna den mago- bikote honek publikoaren harrera onez eta arraskataz eman dio hasiera Estatu mailan eskainiko duen birari. Ikuskizunaren lehenengo geldialdia Bilboko Arriaga Antzokia izan da. Izan ere, atzoko arratsaldea magiaz betetzea lortu zuten Kevin eta Cindy Spencerrek, 19:00etatik aurrera.



Paretak zeharkatzea, lebitatzea, funtzionamenduan dagoen haizagailu erraldoi bat zeharkatzea, desagertu eta berriro agertzea… denetatik jazo daiteke The Spencers-en ikuskizun interaktiboan. Gainera, ohiko magia ikuskizunen iluntasunarekin apurtuz, argia eta musika izan ziren atzo protagonista nagusiak.

Arriaga antzokitik adierazi dutenez, bikote estatubatuarrak gaur egungo magia definitzen duten faktoreak modu paregabean islatzen ditu: "Egungo magia ikuskizunean, arriskuan, antzerkian eta pertsonalitatean datza, eta Kevin eta Cindy Spencer antzerki magiko honen maisuak dira”.

Hamar urte baino gehiagoko eskarmentuarekin, munduan zehar “drama, komeria, maitasuna, suspensea eta ilusioa” uztartzen dituzten ikuskizunak eraman dituzte. 2009. urtean ‘Merlin Award’ saria irabazi zuten, munduko magorik onenei emandakoa, eta duela gutxi munduko Nazioarteko Mago izendatu zituzten.

Magia eta errehabilitazioa uztartuz, 1984. urtean The Spencers bikoteak istripuak edo garun-isuriak izan dituzten pertsonak osatzeko programa berezi bat sortzea erabaki zuten, eta ordutik aurrera bertan ibili da lanean.

Ikuskizunaren hurrengo geldialdiak Santander, Donostia eta Logroñoko Riojaforuma izango dira.


'The Spencers'en iragarkia: "60 Second Magic Commercial"

sábado, 19 de noviembre de 2011

Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiak 25 urte betetzen ditu 


Sestaoko jaialdian toki ezberdinetatik etorritako 22 funtzio emango dira, 12 gazteleraz eta 10 euskeraz
Itziar Cantero
"Sestaoko Naziarteko Txtxongilo Jaialdia"
Gaur hasi da nazioarteko Txotxongilo Jaialdiaren XXV. edizioa Sestaon eta azaroaren 27ra arte iraungo du. 25. urteurren honetako programan 22 funtzio emango dira eta horietatik 12 gazteleraz izango dira eta 10 euskaraz. Emanaldi ezberdinak egongo dira: familia osoarentzat, umeentzat eta helduentzat.
Aurten Sestaora lau herrialde ezberdin etorriko dira: Suiza, Errusia, Bulgaria eta Argentina, geroago Tolosako Txotxongilo Jailadira joango direnak. Beraiekin batera, Balearetako, Bartzelonako, Gipuzkoako eta Sestaoko Bihar konpainiak egongo dira.
Haurrak txotxongiloen mundura hurbiltzeko asmoz, Sestaoko udaletxeak eskola saioak prestatu ditu, azaroaren 21, 22 eta 23an emango direnak. Egun horietan, 1.800 ikasle, irakasle eta guraso inguru batuko dira ekitaldian, eskola ezberdinetatik etorriak. Eskola haien artean, Albiz Eskola, Kueto Eskola, Begoñako Andra Mari, Markonzaga Eskola… aurkitzen dira.
Emanaldi guztiak Sestaoko Musika Eskolan izango dira eta sarreran prezioa 3 eurokoa izango da.
25 urte haun buruan, koninente guztietatik etorritako 200 konpainia baino gehiagok hartu dute parte jaialdi honetan. Euskal Herriko eta Espainiako konpainiak erregularki pasatu dira jaialdietatik. Baina horrez gain, Ingalaterratik, Alemaniatik, Errumaniatik, Txinatik, Australiatik, Mexikotik, AEBtatik, Hungariatik eta beste hainbat herrialdetatik etorritako konpainiak ere pasatu dira Sestaotik.

Palestinatik Bilbora Zinebiren eskutik


Bilboko zine dokumental eta laburmetraien nazioarteko zinemaldiak gatazka palestinarra jorratu du 53.edizioa izan den honetan
Elena Egino
Aurtengo edizioaren kartela

Palestina Pre-194. Cine revolucionario palestino (1968-1982)” izeneko zikloa ireki zuen azaroaren 11an Zinebik. Palestinaren ekoizpen zinematografikoan oinarrituta egon da azaroaren 18an amaitu den zinemaldia. Palestina eta Israelen arteko gatazkaren ingurukon zuzendari internazionalen lanak ere jaso ditu

Mohanad Yaqubi zuzendari palestinarrak aurkeztu zuen zikloa; Idioms Films zinemagile taldearen sortzaileetako bat da. Pelikula guztiak Alhondigako Golem aretoan eman zituzten.
Mohanad Yaqubi zuzendari palestinarra
“Palestina Pre-194. Cine revoluvionario palestino (1968-1982)” zikloaren aurkezpenean Nick Denesek ere hartu zuen parte. Denes Palestinako Zine Fundazioaren zuzendari-kidea da; 2004.urtetik arduratzen da zinemaldia antolatzeaz. Fundazioak Londresen dauka egoitza eta irabazi asmorik gabeko instituzio bezala jarduten du. Palestinan ekoiztuta zinea eta herrialdearekin lotutako lanak munduan zehar hedatzea da bere helburua.

Palestinako Zinearen inguruko zikloarekin lotuta, Masao Adachi zinemagilearen erakusketa bat ere prestatu zuten. Bertan, ekoizle japoniarraren pelikularik esanguratsuenak egongo ziren ikusgai.  

jueves, 17 de noviembre de 2011

Zerutik sua dator!

‘Zerutik sua dator!’ Gerra Zibilari buruzko dokumentala aurkeztu dute Zinebin

Bizkaiko bonbardaketak bizi izan zituzten pertsonen testigantzak biltzen ditu Egoitz Rodriguez Oleagaren lanak

 Leyre Eguskiza


Bederatzi hilabeteko prozesuaren ondoren, atzo aurkeztu zen ‘Zerutik sua dator!’ dokumentala Bilboko Guggenheim museoan, Zinebi dokumental eta laburmetraien nazioarteko jaialdiaren barruan. Egoitz Rodriguez Oleagak zuzenduta, Bizkaiak pairatutako bonbardaketa frankistak gertutik bizi zituzten 50 lekukoren testigantzak ditu abiapuntu dokumentalak.

Bizkaiko hiriburua 1936 eta 1937 artean totalitarista espainiarrek bonbardatutako 37 hirietako bat izan zen, eta horren gaineko oroimen historikoa berreskuratu nahi du lanak. Euskal Telebistaren laguntzarekin ekoiztua,  ‘Zerutik sua dator!’ Bizkaiko ikus-entzunezko proiektu kolektiborik handiena da. 50 minutuko iraupena duen dokumental hau Bizkaiko diputazioak bultzatutako eta Itesa eta Baleuko ekoiztetxeek produzitutako proiektua da, eta 3000 bizkaitarrek hartu dute parte.

Amateur osagaiak ere garrantzia handia du filmean. Izan ere, bonbardatutako herri desberdinetako gazteei bideokamerak hartzeko aukera eskaini zitzaien euren laburmetraia propioak sortzeko. Joseba Butrón errealizadorearen arabera, gazteen piezek dokumentalaren barruan “ %40-50 inguruko ekarpena” eduki dute.

Josune Ariztondo kultura diputatuaren esanetan, dokumental honek oso objektibo garrantzitsu eta argia du: “suntsiketa, gorrotoa, liskarra, goseteak...” eragiten dituzten mota honetako erasoak berriro ez errepikatzea.

Dokumentalak islatzen duen istorioaren dimentsioari buruz galdetuta, Rodríguez Oleagak lanaren talde izaera eta kreatibitatea nabarmendu nahi izan ditu: “Ez dakit Euskadin inoiz kontatu den istoriorik handiena den, baina bai kolektiboena, sozialena, koloristena eta kreatiboena”.


'Zerutik sua dator!' dokumentalaren trailerra

martes, 15 de noviembre de 2011

Antxon Ezeiza zine zuzendaria hil da

Querejetarekin batera, ‘A través del fútbol’ eta ‘Las secretas intenciones’ filmak grabatu zituen, besteak beste

Itziar Cantero

"Antxon Ezeiza"
Antxon Ezeiza zuzendari donostiarra hil da, 76 urte zituela.

Ezeiza gaztetik hasi zen zine munduan, gaztetan Donostiako zine-klubetan ibiltzen baitzelako. Zuzenbidea ikasi zuen eta lizentziatu ondoren, Madrilen Zine Eskola Ofizialean aritu zen. Hala ere, ikasketak bukatu gabe utzi zituen.

Madrilen Elías Querejetaren lagun egin zen eta berarekin lan egin zuen, errealitzalaile bezala aritu zen lehen urteetan. 1960an ‘A través de San Sebastián’ laburmetraia grabatu zuten eta 1962an, esperientzia errepikatu zuten ‘A través del fútbol’ laburmetraiarekin.

Geroago, Querejeta produktore zelarik, ‘El próximo otoño’ (1963), ‘De cuerpo presente’ (1965), ‘Último encuentro’ (1966) eta ‘Las secretas intenciones’ (1969) grabatu zituen Ezeizak.

1973. urtean Erdialdeko Amerikara erbesteratu zen eta bertan ‘Mina, viento de libertad’ (1976) eta ‘El complot mongol’ (1977) filmatu zituen. 1977an Euskal Herrira bueltatu zen, euskal zinemaren oinarriak finktzeko asmoz. Hori dela eta, ‘Ikuska’ (1978-1985) koordinatu eta produzitu zuen, Euskal Herriari buruzko 20 laburmetrai biltzen zituen euskarazko telesaila.

1989an Donostiako Zinemaldian bere lehen luzemetraia, ‘Ke arteko egunak’, aurkeztu zuen Euskadiko produkzio sailean eta Donostia Saria irabazi zuen jaialdian.

1995an beste luzemetrai bat aurkeztu zuen, ‘Felicidades, tovarich’ eta 2003an, Donostiako Zinemaldiko 51. edizioan, Ama Lur saria jaso zuen bere ibilbide profesionala dela eta.

lunes, 14 de noviembre de 2011

Bizkaiko Foru Aldundiak euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzeko ekimena bultzatuko du


Euskal idazleak Bizkaiko ikastetxe desberdinetara joango dira euren lanak ikasleei hurbiltze aldera
 Elena Egino
Idazleakaz izena dauka Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatu duen ekimenak; euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea du helburu.
Idazleakaz ekimenaren kartela

Euskal Idazleen Elkartearen babesa du iniziatibak eta burutuko duten ekintzetako bat idazleen eta ikasleen arteko harreman zuzena bultzatzea izango da. Horretarako, 84 euskal idazleren laguntza izango dute. Besteak beste, Edorta Jimenez, Xabier Mendiguren, Pello Añorga, Katixa Agirre eta Jon Arretxe.

Euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzeaz gain, euskal ondarea ezagutarazteko asmoarekin ere jarri dute martxan proiektua. Ander Iturriotz Euskal Idazleen Elkarteko zuzendaria pozik agertu da programarekin. Izan ere, 35 urte daramatzate ekintzak antolatzen baina hauek gutxiagotu egin dira krisiaren eraginez
 Bizkaiko Kultura diputatua eta Euskal Idazleen elkarteko zuzendaria ekimenaren aurkezpenean

Donostia 2016

Odon Elorza izango da Donostia 2016ko Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria


Alkate ohia izan da Donostiaren hautagaitza bultzatu duena Europako Kultur Hiriburua izateko prozesuan


Leyre Eguskiza



Odon Elorza Carlos Izagirrerekin (egungo Donostiako alkatea)

Odon Elorza Donostia-2016 organoko Jaurlaritzaren ordezkari izendatu du Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak. Urgell-en esanetan, Donostiako alkate ohia litzateke egiteko horretarako egokiena.

 




“Hautatutako proiektua den bezalakoa da, eta inork ez du Odonek bezain ongi ezagutzen”, adierazi du Kultura sailburuak. Halaber, Donostiako alkate izandakoaren presentziak izango duen paper garrantzitsua nabarmendu du: “Datozen urteetarako prozesua ezagutzen du (…) eta bere presentziak Donostia-2016an bermatzen du hautagaitza irabazlearen izpirituari eutsi egingo zaiola”.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailetik adierazi dutenez, oso positiboa da Elorzak Donostia-2016 erakundearteko organoan parte hartzea. Izan ere, erabaki honi esker instituzio eta lantalde teknikoaren arteko harremanak hobea, hautagaitza sustatzea eta erakundeen arteko laguntzak bilatzea espero da.



Halaber, alkatea zen garaian, Odon Elorzak Donostia Europako Kultur Hiriburua izateko hautagaitza proposatu eta bultzatu zuela azpimarratu nahi izan du Kultura Departamentuak. 2008an jarri zuen abian proiektua burutzeko lantalde teknikoa, aurtengo ekainean izendatze definitiboa lortu duena, hain zuzen ere. Horrez gain, Espainia eta Europa mailan Donostiako hautagaitza indartzeko lan egin zuen, nazioarteko epaimahaien aurrean 'Elkarbizitzarako kultura' hautagaitza defendatuz.



Proiektuak “bakearekin, bizikidetzarekin eta herritartasunarekin lotutako ideia konkretu eta sendoak” ditu oinarri, eta Kultura Sailburuaren esanetan “hori da 2016rako ezarri den helburua”.



 Donostia 2016 (hautagaitzarako bideoa)

lunes, 7 de noviembre de 2011

Antxon Gomez eta Alberto Iglesias, Europako Zinema Sarietan hautagaiak

Zuzendari artistiko onenaren eta musikagile onenaren sariak jasotzeko atera dira hautagai donostiarrak

Itziar Cantero

"European Film Awards"
Sevillan egiten ari diren Europako Zinema Jaialdian iragarri du European Film Academy elkarteak izandatuak izan diren zinegileen zerrenda. Datorren abenduaren 3an Berlinen izango da sari banaketa eta izendatuen artean aurkitzen dira Antxon Gomez eta Alberto Iglesias donostiarrak.

Pedro Almodovarren ‘La piel que habito’ filmean egindako lanagatik izan dira hautatuak: Gomez zuzendaritza artistiko onenaren kategorian lehiatuko da eta Iglesias, berriz, musikagile onenaren sailean.

"La piel que habito"

Alberto Iglesias European Film Awardsen soinu banda onenaren garaile izan zen ‘Los abrazos rotos’ pelikulan egindako lanarekin, eta aurretik, ‘Volver’ filmean egindakoarekin musikagile onenaren saria lortu zuen 2006an.

Horrez gain, Aki Klaurismäkiren ‘La Havre’ eta Lars Von Trierren ‘Melancholia’ pelikulak dira sari gehien irabazteko hautagaiak. Baina ez bakarrak, izan ere, Michel Hazanaviciusen ‘The artist’ eta Tom Operen ‘The King’s Speech’ ere dira nabarmentzekoak.

Zentzura At! Jaialdia Bilbora iritsi da

Zentzura jaso duten kontzertu, erakusketa eta artelanen erakusketak biltzen ditu jaialdiak

Itziar Cantero

"Zentzura At! 2011"
Gaur hasiko da Bilbon Zentzuraren Aurkako Jaialdiaren seigarren edizioa, Zentzura At! Hiru egun irauten duen jaialdi honetan zentsura jaso duten kontzertu, erakusketa eta artelanak erakutsiko dira BBK aretoan, Bilboko Alhondigan eta Udaltegietan. Musikan, zineman eta artean ematen den zentzura salatzea du helburu jaialdiak, giza eskubideak eta askatasun adierazpena defendatuz.

Aurten, gonbidatuen artean Bombino musikagilea nabarmendu daiteke, tuareg musikaren ordezkari bat dela. Horrez gain, Hugh Masekela trompeta-jotzaileak eta Sierra Leone’s Refugge All Stars musika taldeak joko dute zuzenean. Azken hauek, errefuxiatu eta biktimek osatutako musika talde bat da.

Zinemaren partetik, "Agadez, the music and the rebellion" filmea proiektatuko dute, besteak beste. Gainera, "Kazetaritza eta Zentsura" izeneko mahai-inguru bat prestatu da, zentzurak komunikabideetan jokatzen duen papera aztertzeko. Bestalde, jaialdiari amaiera emateko, Yoani Sanchezek, Kubako idazle eta blogari ospetsuak, "Blog Generación Y" bloga ekarriko du Bilbora.

Ekimen hau nazioarteko hainbat erakundek babestu dute, askatasun adierazpenaren alde agertuz, haien artean kokatzen dira Freemuse (musikari eta zentsurari buruzko foro mundiala), freeDimensional (erkidego artistikoak elkartzen dituen laguntza taldea) eta International Pen-Basque Pen (justizia sozialaren aldeko nazioarteko mugimendua).

Jaialdi honen helburuetako bat sentsibilizazio publikoa da. Horretarako, ekitaldian prestatutako jardueren artean, zentsura izan duten musika esparruko bideoklipak, diskoak eta iragarkiak ikusi ahalko dira.