domingo, 30 de octubre de 2011

Mugak gaindituz, mundura zabalduz

Urriaren 29 eta 30ean Expolingua azoka ospatzen da Berlinen eta Etxepare Institutua bertan izango da

Elena Egino

Etxepare Institutua Berlinera joan da Expolingua azokara; “Euskara, jalgi hadi mundura” izeneko standarekin parte hartzen du. Fonetikoki euskarazko hitz politena aurkitzea da eginkizuna. Standera gerturatzen direnek 20 hitz desberdin entzuteko beta izango dute , eta horietatik beraien gustukoena aukeratu beharko dute. 
Etxepare Institutuaren standa
 
Hitzik politena aukeratzeaz gain, euskaramundiala.net web orrialdera sartzeko gonbitea luzatuko zaie, bertan euskaraz esaldi bat idatz dezaten. Gainera, euskara ikasteko zenbait oinarrizko ezagutza ere eskainiko zaizkie. 

Expolingua hizkuntzen eta kulturen azoka internazionala da; alor horretan Alemanian ospatzen den garrantzitsuena. 25 herrialdetako 50 hizkuntza baino gehiago biltzen dira bertan, 130 standetan banatuta. 
Expolingua azokako kartela

Katalunia euskal musikaz blai

Atzo hasi zen Bartzelonako EH Sona jaialdia eta abenduaren 15ean amaituko da
Elena Egino

Hasi da Bartzelonan Euskal Musikaren XIV. Jaialdia: EH Sona. Euskal Etxeak antolatzen duen ekitaldia da eta  hamalau kontzertu egingo dituzte hiriko txoko desberdinetan. Hala nola, Heliogabal eta Razzmatazz diskoteketan, Euskal Etxean bertan edota Grazia auzoan.
Aurtengo edizioko kartela
Ondorengoak dira parte hartuko duten taldeak: Ken Zazpi, Willis Drummond, Vendetta, Morau, Ratafia, Kepa Junkera, Gora Japon, Erramun Martikorena, Hostoak, Anari, Zea Mays, Mikel Markez, Karrikan (Kukai), Joseba Irazoki, Xabier Aburruzaga, Peachy Joke eta Atom Rhumba. 

Kontzertuetako sarrerei dagokienez, Bartzelonako 6 gunetan kokatu dituzte saltokiak: Razzamatazz, Euskal Etxea, Heliogabal, Convent San Agusti, Apolo eta Cat. Ekitaldi guztietako sarreren prezioa 5€koa izango da, Kepa Junkera eta Rolando Lunaren, eta Oreka Tx eta Kukairen ikuskizunetakoak izan ezik. Hauek zerbait garestiagoak izango dira.

sábado, 29 de octubre de 2011

Free Culture Forum Bartzelonan

Bihar emango zaio amaiera FCForum-aren hirugarren edizioari

Itziar Cantero

"FCForum"
Iterneteko kultura aske baten alde egiten duen foro hau urriaren 27an hasi zen, ‘Redes por una R-evolución’ lemarekin. Aurten sare globalak duen garrantziaz arituko dira, sarea ez delako informazio aldaketa soila.  Internet bidez lankidetzan oinarritutako etika bat sortu da eta lankidetza horretan pertsona bakoitzaren trebetasun eta merituei garrantzia ematen zaie, beti ere, bitartekaririk gabe eta kontrol deszentralizatu batekin, non errekurtsoak partekatzen diren. Hori da foru honetan sustatu nahi dena.

Aurten, FCForum 11ko parte hartzaileen artean Álex de la Iglesia eta Richard Stallman (Linux-en sortzailea) egongo dira. Álex de la Iglesiak, Goya Sarietan adierazi zuen gaur egungo sistema zinematogradfikoa garapen sozial eta teknologikoetatik erabat at dagoela, eta bera izan zen aurtengo ekitaldiko eztabaidari hasiera eman ziona.

Krisi egoera honetan, sareko kulturak #RevolucionGlobal delakoarekin indar handia hartu zuen #15M-an; hori dela eta, foru honetan estatu espainiarra erabili nahi dute abiapuntutzat egoera globala aztertzeko.

Bihar, hilak 29, bukatuko da FCForum 11, baina hemen klik eginez jarrai dezakezu edizio honetan gertatzen dena eta gertatu dena ere bai edo baita FCForum-en Twitterretik. Horretaz aparte, jendeak honen inguruan duen iritzia Twitterren #FCForum11 hashtag-ren bitartez ikus dezakezu eta nola ez, zure iritzia bertan utzi.


viernes, 28 de octubre de 2011

Beldurra eta fantasia iritsi dira Donostiara

Donostian ospatzen den ekitaldi honen XII. Edizioan 20 film luz eta 15 labur lehiatuko dira Sail Ofizialean

Itziar Cantero

"Donostiako fantasia eta beldurrezko astea"
Bihar, Urriaren 29a, hasiko da Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XII. Astea eta azaroaren 4ra arte iraungo du ekitaldiak. Genero hau gustoko duten zinemazaleek filmak disfrutatzeko aukera izango dute astean zehar, baina ez hori bakarrik, zeren eta erakusketak eta kaleko jarduerak ere izango dira Gipuzkoako hiriburuan.

Livide (Alexandre Bustillo, Julien Maury) izango da aurtengo lehiaketari hasiera emango diona eta Sail Ofiziala, bestalde, Juan de los muertos (Alejandro Brugués) zintak itxiko du. Gainera, aurten, Antonie 
Charreyronen The Prodigies pelikula 3Dan 
ikusteko aukera izango da.

Sail Ofizialean 20 film luze lehiatuko dira aurten, Publikoaren Saria eskuratu nahian (6.000 euroko saria). 20 film hauen artean, besteak beste, Lobos de Arga, Attack the Block eta Troll Hunter izango dira lehiaketan. Film laburrak, ordea, 15 izango dira eta kasu honetan, hiru sari banatuko dira: Publikoaren Sarian, Nazioarteko Epaimahaiaren Saria eta Publiko Gaztearen Saria.

Hala ere, ekitaldian ez dira filmak soilik egongo, kaleetan zehar ere ekintzak egongo dira, adibidez, azaroaren 4an Alde Zaharreko tabernetan ‘Pote of the dead’ egingo da eta Boulevar kioskoan makillatzeko gune bat jarriko dute ekitaldira behar bezala joateko.

Gainera, programazioaren zati batean, familiako kide guztiek parte hartu dezaten, ‘Galdutako zonbiaren bila’ abentura prestatu dute urriaren 30ean, taldeka Donostiako Alde Zaharrean parte hartzeko.

jueves, 27 de octubre de 2011

Goya sariak

Josefina Molina, 2012ko Ohorezko Goya saria


Sari hau jasotzen duen hirugarren emakumea da Kordobako zinemagilea


Leyre Eguskiza



Josefina Molina
Josefina Molina zuzendariak 2012ko Ohorezko Goya saria eskuratu du, Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak gaur jakinarazi duenaren arabera.
Zine espainiarraren aitzindari izandakoa, azken 24 urteotan Ohorezko Goya jaso duen lehen emakumea da.
Aurreko urteetan ez bezala, Sol Atean egingo den Goyarako hautagaien harreran jasoko du ohorezko estatua, eta ez Goya sarien ekitaldian bertan.

“Ohore handia da lankideek nigan erreparatu izana” adierazi du Molinak. Sari hau jasotzen duen hirugarren emakumeak, Rafaela Aparicio (1988) aktorearen eta Imperio Argentina (1989) kantariaren atzetik, “zinea egin zuten emakume aitzindarien ordezkari” gisa ikusten du bere burua. Molinarentzat, emakumeek “oso zine ona, kalitatezkoa eta gizartearekiko hurbila egiten dute”.

Kordoban jaioa, Zinematografiako Eskola Ofizialeko zuzendari titulua lortu zuen lehenengo emakumea dugu. Une horretatik aurrera, telebistan eta zineman lan egin izan du, `Esquilache´ edo `Lola portuetara doa´ bere pelikularik ezagunenak direlarik.

Aurten gainera, Emakumearen Institutuak ematen duen Zinema Emakumea saria ere, eta Emakume Zinemagileen Elkarteko presidentea da.



Esquilache´ pelikularen zatia. Concha Velasco da protagonista nagusia


lunes, 24 de octubre de 2011

El Sol publizitate jaialdiko egoitza berria izateko hautagaitza aurkeztu du Bilbok

Azken 25 urteotan Donostian egin izan da nazioarteko izaera duen jaialdia

  Leyre Eguskiza

2011. urteko kartela

“Sol en Bilbao” izenburupean, Bilboren hautagaitza aurkeztu dute Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, datozen bost urteotan El Sol publizitate jaialdiko egoitza berria izateko. Jaialdiak barne hartzen dituen jarduera guztiak ospatzeko, Bilboko lau gune ezagun aurkeztu dituzte: Euskalduna Jauregia, Guggenheim Museoa, Bilbo Arena pabiloia eta Bilboko Alondegia. Halaber, bilbotarren proposamenean datorren urteko jaialdirako datak ere zehazten dira: 2012ko maiatzaren 31a eta ekainaren 1a, 2a eta 3a.

Azken 25 urteotan Donostian ospatu den arren, aurten egoitza aldatzeko proposamenak aztertzea erabaki dute antolatzaileek. Ostiralean amaitu zen El Sol-ek hautagaitzak bidaltzeko ezarri zuen epea, eta bertatik jakinarazi dutenez, azaroan eman dezakete ezagutzera zein izango den 2012ko egoitza nagusia. Bitartean, eta Donostiak bere hautagaitzaren alde lan egiten jarraituko duela adierazi badu ere, Girona eta Bilbo dira faborito nagusiak.

Espainiako Komunikazio eta Publizitate Agentzien Elkarteak antolatuta, publizitate-esparruko lehiaketarik garrantzitsuena da. 18 herrialdek parte hartzen dute bertan, eta 2500 lan eta kanpaina publizitario baino gehiago jasotzen ditu urtero, hamabi sail ezberdinetan lehiatzen direnak.


`Pastillas contra el dolor ajeno´ kanpaina, Platinozko Sol saria (2011)

domingo, 23 de octubre de 2011

Ur Apalategi, Jon Bilbao eta Miren Agur Meabe Euskadiko Literatura Sarien irabazleak

Aurten, haur eta gazte literaturako gaztelaniazko saria eman gabe geratu da

Itziar Cantero

Ur Apalategik, Miren Agur Meabek eta Jon Bilbaok jasoko dute 2011ko Euskadi Literatura Sariak. Ur Apalategiren kasuan, “Fikzioaren izterrak” ipuin bilduma saritu du epaimahaia euskarazko sailean. Jon Bilbao “Bajo el influjo del cometa” ipuinarekin irabazi du Euskadi Literatura Saria, gaztelaniazko sailean. Eta Miren Agur Meabe Lekeitioko idzazleak “Errepidea” lanarekin irabazi du haur eta gazte literaturako euskarazko saria, gaztelaniazkoa, aldiz, eman gabe utzi dute.


"Ur Apalategi, Miren Agur Meabe eta Jon Bilbao"


EuskoJaurlaritzak urtero antolatzen duen sari banaketa honen irabazleak nortzuk diren Blanca Urgell Kultura sailburuak eman du jakitera Donostian, beste hiru idazleekin batera.

18.000 euroko diru-saria jasoko du bakoitzak eta lana beste hizkuntza batean kaleratzen badute 4.000 euro gehiago eskuratuko ditu idazleak. Adibidez, Apalategiten lana dagoeneko gaztelaniaz eskura daiteke.

Hauek dira gainontzeko irabazleak: Carlos Zabalak 'Zubi bat, duinaren gainean' lanaren itzulpenagatik eskuratu du euskarazko literatura itzulpenaren lana. Iban Barrenetxeak 'Bombástica Naturalis' lanean egindako lanagatik ilustrazio onenaren saria jaso du eta Iñaki Uriartek 'Diarios 1999-2003' lanarengatik eskuratu du gaztelaniazko sariakera saria. Euskarazko saiakera onenaren saria Joseba Sarrionandiarentzat izan da, 'Moroak gara behelaino artean?' lanagatik.
Afrikatik mundura Zanele Muholiren kameraren bitartez

Argazkilari eta aktibista afrikarrak "Fragmentos de una nueva historia" erakusketa aurkeztu du Kanaria Handian

Elena Egino

Zanele Muholi artisa afrikarra

2012ko urtarrilaren 20ra arte egongo dira ikusgai Muholiren argazkiak Kanaria Handiko "Casa de Africa"-n. Herrialde horretako gay eta lesbianek jasaten duten zapalkuntza ardatz hartuta, beraien egoera ikusgai egin eta dituzten eskubideak aldarrikatu nahi izan ditu egileak.

Artista afrikarrek eta, batez ere, emakume argazkilariek egiten duten lana baloratu eta ezagutarazi nahi da"Casa Africa"-n martxan jarri den proiektu honekin. Zanele Muholik eman dio hasiera "Fotografas Africanas" argazki bildumari.

Aurkezpen ekitaldian artista afrikarrak adierazi zuen ezinezkoa iruditzen zaiola bere lana, bere condicion sexualetik eta bere aktibismotik banatzea. Izan ere, bere ustetan: "Irudi eta erretratu guztiak politikoak dira". Ideia horietan guztiz sinesten duelarik,  bere eta bera moduko aktibisten jarrerek, gay, lesbiana eta transexualen kolektiboaren aurkako legeak alda ditzaketela adierazi du. 
Erakusketako argazkietako bat

jueves, 20 de octubre de 2011

Mozarten arrebari buruzko “Nannerl, Mozarten arreba” pelikula estreinatuko da urriaren 21ean

Neskatoak arrakasta musikala lortzeko izan zituen oztopoak islatzen ditu filmeak

 Leyre Eguskiza

René Féret zuzendari frantsesaren “Nannerl, Mozarten arreba” pelikula zinemetan izango dugu ikusgai urriaren 21etik aurrera. Filme honetan, Maria Anna Mozart (Nannerl) musikariaren arreba da protagonista nagusia. 2010ean Frantzian estreinatutako pelikula hau bederatzi zinema-jaialdietarako hautatua izan da, besteak beste, Shanghai edo Montrealeko zinema jaialdietarako.

Nannerl-ena borroka eta zentsura istorioa da. Bere neba Amadeus Mozart baino bost urte zaharragoa izanda, txikitatik musikarako eta kantatzeko talentu berezia izan zuen. Hala ere, emakume izatea bere arrakastarako oztopo nagusia izan zela adierazi du Réne Féret-ek. Mozarten kasuan bezala, haien aita izan zen Nannerl-en hezkuntza musikala bideratu zuena. Dena den, oso goiz debekatu zion bere musika propioa konposatzea eta biolina jotzea, garaiko emakume batentzako desegokia zela esanda.

Mozarten arrebak Viena edo Pariseko gorteetan zehar bidaiatzeari ekingo dio, bere nebarekin batera. Parisen dagoela, Luis XV.ena erregearen oinordekoa (“Izurdea”) ezagutuko du, eta honek bere pieza musikal propioak sortzera animatuko du neskatoa.


"Nannerl, Mozarten arreba" filmearen trailer ofiziala

miércoles, 19 de octubre de 2011

Abian da kontakizun solidarioen lehiaketa EHUn

Unibertsitateko %0,7Elkartasun Fondoak antolatzen du, Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzak babestuta


"Mikrokontakizun solidarioen lehiaketa"

EFE07k Mikrokontakizun solidarioen lehiaketarako deia egin du, UPV/EHUko ikasle eta langileen artean elkartasunarekiko sentsibilizazioa bultzatzeko. Urriaren 30ean bukatuko den deialdi honetan, elkartasuna eta giza eskubideak izango dira kontakizunen gai nagusiak.

Epaimahaia osatuko dute EFE07ren Zuzendaritza Batzarreko kide batek (epaimahaiko burua), eta UPV/EHUri lotutako beste hiru kidek. Epaimahaiaren ebazpena EFE07ren web orrian argitaratuko da, 2011ko abenduaren 1ean. 

Epaimahaiak ondorengo irizpideen arabera baloratuko ditu lanak: originaltasuna,  sormenari dagokionez eginiko ahalegina, eta elkartasun eta giza eskubideen gaia tratatzeko modua.

Bi sari mota banatuko dira. Euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako kontakizun
onenei 300€ eta diploma bat emango zaie. Bigarren eta hirugarren saria 150 eurokoa izango da, bai euskarazko eta bai gaztelerazko kontakizunentzat. 

martes, 18 de octubre de 2011


Van Gogh-ek bere buruaz beste egin al zuen?


Steven Naifeh eta Gregory White Smith-k (Pulitzer sariaren irabazleak 1990. urtean) idatzitako obran ziurtatzen dute artistak ez zuela bere buruaz beste egin

Itziar Cantero

"Vincent Van Gogh"
Bi autoreek Vincent Van Gogh-i buruzko biografia berri bat argitaratu dute astelehen honetan Erresuna Batuan, bertan artistak bere buruaz beste egin zuela ezeztatzen dute. Obran esaten dutenaren arabera, Frantziako Auvers-sur-Oise herrian, gazte batek ustekabeko tiro bat emanda hil zen 1890. urtean.

Milaka dokumentu eta liburu irakurri ondoren, biografiaren autoreek ondorioztatu dute margoztera joaten zer gari zelai batean jaso zuela tiroa. Obran esaten denaren arabera, René Scrétan, 16 urteko gazte bat Mendebalde Urrunaz obsesionatuta, cowboy-z jantzita eta 380 kalibreko pistola estropeatu bat zeraman, ustekabean tirokatu zuenean.

Van Gogh artistak mutila ezagutzen zuen bera eta bere anaiarekin eratera joaten zelako sarritan eta tiroa jaso ondoren ospedatzen zen estatura joan eta 30 ordu beranduago hil zen.

Margolariari ea bere buruaz beste egin nahi zuen galdetu zioten eta baietz erantzun zuen, baina obraren autoreak uste dute René Secrétan eta bere anaia babesteko esan zuela. Izan ere, suizidioa ez dator bat artistaren iritziarekin, ekintza hori “koldar” bezala deskribitu baitzuen. Inoiz ez ziren aurkitu ez erabilitako arma, ez Van Gogh-ek momentu horretan erabiltzen ari zen pintzelak.

Biografia horretan ere aipatzen da artista holandarrak transtorno maniako-depresibo bat sufritzen zuela, gaixotasunaren ondorio epilepsia izanda eta familiak zentru batean barneratu nahi izan zutela.

"Van Gogh - Noche estrellada"

lunes, 17 de octubre de 2011

`Balada triste de trompeta´ filmak Méliès d´Or saria irabazi du


Europako fantasia pelikularik onena aukeratu dute Álex de la Iglesiaren zinta

Leyre Eguskiza

Álex de la Iglesia zuzendari bilbotarrak Méliès d´Or saria eskuratu du `Balada triste de trompeta´ pelikulagatik, Sitges Zinema Jaialdiko zuzendariak  jakinarazi duenaren arabera. Fantasiazko Zinema Jaialdien Europar Federazioak antolaturiko sari hauetan, epaimahaiak bederatzi pelikulen artean hautatu du bilbotarraren zinta.



Hautagai izateko baldintza nagusia da pelikulek Méliès d´Argent saria jasotzea Federazioak antolaturiko lehiaketa espezializatuetan. `Balada triste de trompeta´-ren kasuan, iaz Amsterdamen ospatu zen Fantasiazko Zinema jaialdian eskuratu zuen.

Espainian estreinatu zenean kritika eta publikoaren harrera oso ona izan ez bazen ere, oraingo honetan Álex de la Iglesiaren filmak gainerako zortzietatik gailentzea lortu du: 'Transfer' (Damir Lukacevic); 'The last employee' (Alexander Adolph); 'Rare exports: a Christmas tale' (Halmari Helander); 'Rubber' (Quentin Dupieux); 'Troll Hunter' (Andre Ovredal); 'Secuestrados' (Miguel Angel Vivas); 'Hideaways' (Agnès Merlet); eta 'Attack the block' (Joe Cornish).

Iazko Méliès d´Or saria ere filme espainiar batek irabazi zuen, Rodrigo Cortésen `Buried´ (`Lurperatuta´), hain zuzen ere.



´Balada triste de trompeta´ filmaren trailerra

domingo, 16 de octubre de 2011

Josetxu Rodriguez, Deia.com-eko arduraduna, Leioara gerturatu zen hitzaldi bat ematera

Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatean izan zen mintzaldia eta bigarren mailako kazetaritzako ikasleei zuzenduta egon zen
Elena Egino

Josetxu Rodriguez, Deia.com orrialdearen arduraduna
Urriaren 11n Leioako kanpusean egon zen Deia.comeko arduraduna den Josetxu Rodriguez. Besteak beste, web orrialdearen egituraz, edukiez eta horien kokapenaz eta erabiltzaileez hitz egin zuen. 

Web orrialde bat portadak, berriek, multimedia edukiek  eta erabiltzaileen ekarpenek (hala nola, iruzkinek) osatzen dutela azaldu zuen. Edukiei dagokienez, informazio iturriak zeintzuk diren jakinarazi zuen: agentzien teletipoak, dohaineko telefono zerbitzu bat (azken orduko berriak ezagutarazteko), blogak, erredakzioa…
Deia.com orrialdea

“Web batean lan egiten duen kazetaria ez da geldirik egoten”, iragarri zuen Rodriguezek. Izan ere, informazio iturri guzti horiei so egin behar die etengabe. 

Erabiltzaileei erreparatuz gero, webean gehienez 4 minutu pasatzen dituztela adierazi zuen. Denbora hori luzatze aldera, kazetariak erabiltzen dituen trikimailuak aipatu  zituen. Adibidez, berriaren inguruan loturak jartzen dituztela esan zuen, ahal den neurrian berriz beraien web orrialdera zuzentzeko.

viernes, 14 de octubre de 2011

“China: la factoría global” erakusketak herrialdearen kontraesanak biltzen ditu 44 argazkitan

Eusko Jaurlaritzaren kanpoaldean kokatu dute eta 23 taulatan banatutako 44 argazkik osatzen dute erakusketa

ELENA EGINO
Erakusketa Eusko Jaurlaritzako hesian jarrita

Eusko Ganberak eta Periscopiok antolatu dute esposizioa, Reuters agentziak maileguan emandako materialari esker. 20 argazkilarik ateratako 44 argazkik azken urteetan Txinak jasan duen eraldaketa islatzen dute. Ekialdeko herrialdean ematen diren kontraesanak erakusten dira; ahalmen ekonomikoa eta giza eskubideen eskasia pare-parean jarriz. 

Eusko Legebiltzarreko lehendakari den Arantza Quirogak inauguratu du erakusketa. Bere ustetan “ azken urteetan zehar Txinaren ahalmen ekonomikoaz besterik ez da hitz egin, herrialdeko aurkakotasunei erreparatu gabe. Erakusketa honetako argazkiek giza errealitatea eta kontraste soziala islatzen ditu.” 

Erakusketa honen bitartez injustiziari aurre egiten dioten txinatarrak omendu nahi dira; hala nola, Nobel Saria eskuratu duen Liu Xiabo aktibista.

jueves, 13 de octubre de 2011


Asteburu honetan Guggenheim Museora sartzea dohainik izango da


Bilboko museoaren 14. urteurrena ospatzeko, urriaren 14an eta 15ean sarrerak doan izango dira

Itziar Cantero

"Denboraren materia - Serra"
Datorren asteazkenean, urriaren 19an, Bilboko Guggenheim Museoak 14 urte beteko ditu eta eskerrak adierazi nahian asteburu osoan zehar, larunbata eta igandean, sarrera dohainik izatea erabaki dute, sozialki oso ezagutua izan baita urte guzti hauetan.

Museora hurbiltzen direnak, orain dela gutxi estreinatu den eta denbora tarte batez soilik ikusi ahalko den Brancusi-Serra erakusketa ikusteko aukera izango dute. Orain arte XX. mendeko erakusgai garrantzitsuenetarikoa kontsiderantzen da eta bi eskultore aipagarriak diren bi artistei dedikatu da: Constatin Brancusi eta Richard Serra.

Horretaz aparte, ‘Pintura abstraktua, 1949-1969: Guggenheim Bildumen aukeraketak’ izeneko erakusketa ikusteko aukera dago oraindik ere. Aurkezpen honetan 1950 eta 1960 urte bitartean iparamerika eta europako joera artistikoak aztertzen dira.

"Musua - Brancusi"

Loterian 27 nahiago da

Amy Winehouse hil zen adina Gabonetako Loteriako zenbaki amaiera eskatuenetarikoa izan da

Itziar Cantero

"Amy Winehouse"
27 zenbakia, Amy Winehouse hil zen adina, eskatuena izan dela adierazi du Internetetik lotería saltzen duen web gune batek (Ventura24.es). Web orrialdearen zuzendari nagusiak, Anders Kjong-ek, esan du nostalgia edo intriga berezi hori izan dela jendeak zenbaki hori erostera bultzatu duena.

Baina britaniar abeslaria ez da bakarra izan 27 urterekin hil dena, 27koen klubean Kurt Cobain, JimMorrison, Brian Jones edo Janis Joplin mitoak ere sartzen dira. Hain ospetsuak diren musikariak adin berdinean eta baldintza bitxietan hiltzeak, 27 zenbakia zorte oneko amuleto bilakatu da.

"Rubik kuboa"
Baina musikarien kasua ez da bakarra izan zenbaki hau aukeratzeko. Izan ere, jendeak 27 zenbakia aukeratzen du, matematikoki bitxikeri batzuk dituelako, adibidez, 27=3*3*3 (33) delako. Beste batzuek, aldiz, tenis zelai baten luzeera delako (oinetan neurtuta), edo alfabetoan dauden letren kopurua, edo Testamentu Berriak dituen liburu kopurua delako edota Rubik kuboan dauden blokeen multzo kopurua delako.

martes, 11 de octubre de 2011

The Cranberries taldeak “Roses” diskoa kaleratuko du

Otsailaren 14an aterako dute lan berria, hamar urteko isilaldiaren ondoren

Leyre Eguskiza



The Cranberries talde irlandarraren disko berria dagoeneko abian da. Hamar urteko geldialdi musikalaren ondoren, 2012ko otsailaren 14an “Roses” disko berria kaleratuko dutela adierazi dute Twitter sare sozialaren bidez. Diskoa 15 kantek osatuko dute. Kanta nagusiak 11 izango dira eta gainerako laurak bonus track bezala agertuko dira.



2001. urtean haien estudioko azken diskoa grabatu zuten, “Wake Up and Smell the Coffee” izenekoa.
2003an The Cranberries  banatzera zihoala iragarri zuten arren, sei urte geroago, Dolores O´Riordan eta bere taldeak berriro batzea erabaki zuen, bateratze- bira bat martxan jarriz. “Gauzak utzi genituen bezala hartu eta berriro hastearen antzekoa da”, adierazi du O´Riordanek.


"Tomorrow", disko berriaren lehenengo single-a

lunes, 10 de octubre de 2011

Fox telebista kateak bi denboraldiz luzatuko du “Los Simpson”-en emisioa

Haien soldata %30 jaistea proposatu dute aktoreek

Leyre Eguskiza

"Los Simpson"-eko pertsonaiak
Krisiak hainbat familien ekonomia astindu du mundu osoan, eta orain Los Simpson familiaren txanda iritsi da. Fox kateak telesail honen kontratua bi denboraldiz berritu du, programaziotik kentzeko arriskua saihestu ostean.




Kateak aurreko astean jakinarazi zuenaren arabera, produkzioa aurrera ateratzea ezinezkoa litzateke pertsonaien ahotsa bikoizten duten aktoreen soldata % 45 jaitsi ezean.
Urtean 8 milioi euroko lansaria izanik, aktoreek % 30-eko soldata-jaitsiera proposatu diote Fox kateari. Hala ere, trukean baldintza sendo bat ezarri dute: telesailak lizentzien, transmisio eskubideen eta merchandising produktuen bidez lorturiko irabazien zati bat nahi dute.

Borrokak langile-klaseari buruzko telesail hau amaitzeko arriskuan jarri badu ere, azkenean akordio batera iritsi dira,“Los Simpson”-en 24. eta 25. denboraldiak grabatuko direla berretsiz.

22 urte igaro dira Fox-ek Homer eta bere familia protagonista dituen telesaila estreinatu zuenetik, eta orain 100 herrialde baino gehiagotan ematen da. Telebistan iraupenik handiena duen komedia izan arren, azken urteotako audientzia- beherakadak min handia egin diola nabari da.

"Los Simpson" telesailaren hasierako sarrera famatuak

domingo, 9 de octubre de 2011

Japoniar kultura Zornotzara heldu da

Urriaren 14, 15 eta 16an Mangamore V. edizioa ospatuko da Amorebieta-Etxanon

Itziar Cantero

"Mangamore 2011"

Urtero bezala, urria heltzean Japoniara hurbiltzen saiatzen dira Zornotzan, anime eta mangarekin zerikusia duen ekintza, denda postuak… jarriz. Aurtengo kartelaren lehiaketa egin zen eta dagoeneko Zornotzatik ikusten dira.

Baina kartela egitea ez da lehiaketa bakarra izango, urtero bezala, Cosplay lehiaketa ospatuko da Mangamoren. Japoniar komiki, abeslari, musika talde, manga pertsonai etabarrez mozorrotutako jendea hurbiltzen da lehiaketan parte hartzeko. 

Horretaz aparte, karaoke lehiaketa ere ospatzen da. Nola ez, mangarekin zerikusia duen abestiak edo japoniar musika taldeen abestiak ezsenatoki gainean abestera ausartzen dira apur batzuk. Gainera, PIU lehiketa, Soft Combat torneoa eta Yu Gi Oh torneoa ere ospatuko dira.

Baina Mangamore ekitaldiaren egitarauan ez dira lehiketak soilik egongo: tailerrak, zuzeneko emanaldiak, mahai inguruak, bideojoak, kirol tailerrak... ere egongo dira.

"Mangamore 2010 Cosplay lehiaketa"