lunes, 26 de septiembre de 2011

Verdi, sormenaren eta konpromiso sozialaren artean

“Simon Boccanegra” operak ABAO-OLBE-ren 60. denboraldia ireki du Euskalduna Jauregian

Leyre Eguskiza

“Genoa. XIV.mendea. Hiritarrek Dux bat izendatzen duten lehen aldia da. Simon Boccanegra kortsarioa hautagai nagusi bezala gailendu da. Herriak ospatzen duen bitartean, hura Maria Fiesco amorantearen heriotza deitoratzen dago. 25 urte geroago, kortsarioak desagertutako bere alaba maitea aurkitzen du”.

Honela hasten da “Simon Boccanegra”, Operaren Bilboko Lagunen Elkarteak (ABAO-OLBE) bere 60. denboraldia aurkezteko eskaini duen Giuseppe Verdiren opera “ospel eta iluna”. Irailaren 24an estreinatu zen Bilboko Euskalduna Jauregian Teatro Regio di Parma-ren maisulana, eta publikoaren harrera ikaragarria lortu du jada.

George Gagnidze baritono errusiarraren eta Ainhoa Arteta soprano tolosarraren eskutik, tentsio politikoek hartzen dute toki nagusia, bizitza publikoaren eta pribatuaren interesen arteko tirabirak obraren ardatz direlarik. Gagnidze-en arabera, opera hau “Italiako bateratzearen 150. urteurrenaren barruan kokatzen da”. Halaber, OLBE-ko zuzendari artistikoa den Jon Paul Lakak Boccanegraren azpian Verdi beraren ahotsa ageri dela adierazi du: “Verdik herria bultzatu egiten du barkamenaren, maitasunaren eta bakearen bidetik ibiltzera. Hala ere, ordena publikoak guztion ongirako egin behar duen sakrifizioaz hitz egiten du batez ere”.

Konpositore italiarraren “heldutasun-obra” eta “testamentu politikoa” den honetan, bere estilo modernoaren berrikuntza ugariak igarri daitezke, ahotsekin batera naturaren soinuak sartuz. Hori dela eta, Verdik opera hau lehenbizi estreinatu zuenean, porrot galanta jaso zuen. Musikaren ia erdia berridatzi eta gero, berrestreinaldia arrakasta izugarria izan zen.

Hugo de Ana-ren eszenografia “konplexu eta txundigarriak” biolentzia sozial eta politikoz beteriko giroa eskainiko digu irailaren 24, 27 eta 30ean eta urriaren 3an Euskalduna Jauregian, ‘Tutto Verdi’ programaren barruan. Hiru operaz osaturiko programa honi “Nabucco” izeneko obrak emango dio amaiera maiatzean.


"Il lacerato spirito" obrako aria nagusia

No hay comentarios:

Publicar un comentario