miércoles, 28 de septiembre de 2011

Objetuek hitz egingo balute...


“Amantalen ahotsa” izeneko ikuskizuna aurkeztuko du Amantala Kultur Elkarteak urriaren 7an , 20:00etan, Donostiako Viktoria Eugenia Antzokian

Elena Egino

Espainiako Gerra Zibilean girotutako obra da. Harrezkero 75 urte pasa diren arren, oroitzapenek bizirik diraute infernu hura bizi izan zutenen memorietan. Garai horretako  emakumeak dira "Amantalen ahotsa" ikuskizunaren protagonistak. Beraien testigantzen bitartez Gerra Zibileko errealitatea hobeto ezagutzea da helburua. 



Emakumearen eguneroko jarduna da obraren ardatza; etxean, lanean, eskolan, kalean… Hortaz; pozak, nekeak eta buruhausteak ekarriko dituzte gogora.

Orduko emakumeen testigantzekin batera gaur egungo emakumeek beraien ikuspuntua aurkeztuko dute.  Besteak beste, Maialen Lujanbiok, Amaia, Zubiriak, Itziar Ituñok, Sara Cozarrek eta Ainere Tolosak hartuko dute parte. Atzoko eta gaurko emakumeak elkartuz, belaunaldien arteko trantsizioa islatzea nahi izan dute.  

“Dokumental ukitua duen ikuskizun artistikoa” bezala definitzen dute antolatzaileek. Izan ere, bertsoak, zuzeneko musika, kantuak, antzerkia eta dantza dira ikuskizunaren osagaiak.
Aurrekaria
Ikuskizuna prestatzeko beharrezko informazioa ahotsak.com web orrialdetik eskuratu dute. Argia-com duela urte batzuk sortutako proiektua da;  bere helburua Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzea da. Horretarako, herri desberdinetako adineko jendea elkarrizketatu, eta euren euskara eta bizipenak jaso zituzten.  Bizipen horien pasarte batzuk dira ikuskizunean azalduko direnak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario