jueves, 15 de septiembre de 2011

Eguna eta gaua

Antonio Lopezen bi eskultura ikusgai daude Bilbon, Arte Ederren museoko erakusketaren aurrerapen gisa

Leyre Eguskiza

“Carmen esna” eta “Carmen lo” brontzezko bi eskultura erraldoiak Bilbora iritsi dira, Arte Ederren museoak BBK Fundazioarekin batera antolatu duen erakusketaren barruan. Urriaren 10etik aurrera ikusgai izango diren 130 obren aurrerapen txiki bat dira Bilboko BBKren egoitza nagusiaren aurrean, Kale Nagusian, eta Arte Ederren museo atarian ezarritako eskulturak.

“Eguna” eta “Gaua” izenez ere ezagunak diren obra hauek Lopezen sei hilabeteko biloba dute oinarri. Kale Nagusian kokaturiko “Carmen esna” edo “Eguna” neskatoaren buru erraldoia da, begi handi eta zabalduak dituena.
Javier Viar Arte Ederren museoko zuzendariak adierazi bezala, obra kalean kokatzeak jendea erakartzea eta erakusketaren “erakusleiho” izatea du helburu. Halaber, hiriak duen zabaltze-asmoaren adierazle bezala deskribatu du ekimena Viarrek.
Arte Ederren museoan dagoen “Carmen lo” edo “Gaua”, bestetik, begiak itxita dituen ia mila kiloko buru errealista da. Antonio Lopez margolariaren arabera, bi buruek denboraren joan- etorria adierazten dute: “…tamaina berekoak dira, neskato berarenak, adin berekoak…”.

Javier Viarren hitzetan, Bilbora iritsi diren eskulturak kopiak dira, Lopezek jatorrizkoen dimentsio txikiagoak dituzten hiru kopia egitea baimendu baitu. Horietariko bikote bat Bostoneko Arte Ederren museoan (AEB) dago, eta bestea Madrilgo Atocha geltokiaren aurrean. Hala ere, “Carmen” eskulturen bikotea “izugarrizko arrakasta” izatea espero  den erakusketaren zatitxo bat baino ez da. Gainera, Thyssen-eko zuzendaria eta margolariaren alaba komisario diren erakusketa honetan erretratuak, margolan surrealistak, estudioko margolanak, eskulturak eta Madrilgo ikuspegi panoramikoak ikus daitezke. Bilbora heldu aurretik, Antonio Lopezen maisulanez gozatzeko aukera dago Madrilgo Thyssen-Bornemisza museoan, irailaren 25era arte.

"Carmen esna"
"Carmen lo"
                

No hay comentarios:

Publicar un comentario