lunes, 19 de septiembre de 2011

Argiak, kamera...IRUDIMENA!!

  
Fuerzabruta antzezlana ikusgai egongo da Bilboko La Casilla pabiloian irailaren 24tik urriaren 2ra arte

Leyre Eguskiza

La Casilla aretoa hitzezko lengoaiatik eta ohiko antzezlanetatik aldentzen den esperientzia bizitzeko prest dago. Irailaren 24tik urriaren 2ra bitartean, 360 graduko ikuskizun batek inguratuko ditu bertaraino gerturatzen diren guztiak.

 
 "Begiratu gora, albora, ingurura, ekintzak inguratzen zaitu"

Antzezlan bitxi honetan aktoreak, eszenografia eta publikoa izango dira antzerki-akzioa sortu eta garatuko dutenak; azken hau muntaiaren erdian kokatuz. Ikusleen buruetatik zentimetro gutxi batzuetara dagoen igerileku erraldoia izango da arreta-gune nagusia, musikaren erritmoa jarraituz mugitzen diren pertsonaiez betea. Halaber, “inoiz ikusi gabeko” efektu bereziek, dantzari hegalariek eta ametsezko sekuentziek unibertso alternatiboa sortuko dute.

Antolatzaileen arabera, Fuerzabruta “zentzumentzako jaia eta adimenarentzako erronka” bezala definitu daiteke. Haien esanetan, ikuskizuna “oso bidaia berezia” da, bertan edozer gerta baitaiteke.

Sarrerak Internet bidez eskuratu daitezke, BBK-ren orotarako sarea erabiliz, eta baita kutxazainetan ere. Prezioei dagokionez, sarrera arrunta 40 €-koa izango da, eta murriztua 35€koa (irailak 28 eta 29). Bilbon antzeztu ondoren, Fuerzabruta Madrilgo Circo Price antzerkira helduko da, urriaren 11ra arte.

Sortzaileak

Fuerzabruta 2003. urte amaieran sortu zen, Diqui James eta Gaby Kerpelen eskutik, De la Guarda taldeko sortzailea eta musikagilea hurrenez hurren. Euren proiektua motibazioa, sormena eta berrikuntza bultzatzen zituen konpainia berria izateko helburuarekin jaio zen, eta apustu bitxi honi Alejandro García (zuzendari teknikoa) eta Fabio Dáquila (Stage Antolaketa orokorra) gehitu zitzaizkion geroago. 

2005ean Buenos Airesen estreinatu zenetik, ikuskizuna munduko hainbat lekutan ibili da: Nueva York, Lisboa, Bogotá, Londres, Miami, Edimburgoko Fringe jaialdi entzutetsua… Azken honetan, esaterako, kritikari eta publikoaren babes osoa jaso zuen, arrakasta ikaragarria lortuz.


Fuerzabruta ikuskizunaren trailerra



No hay comentarios:

Publicar un comentario