sábado, 17 de septiembre de 2011

Mugak gaindituz

Elena Egino

"Los perfectos. Un mundo sin límites" antzezlanak minusbaliatuen mugez gogoeta egiten du. Bost dira bertan lan egiten duten aktoreak. Batzuk minusbaliatuak diren arren,  baldintza bakarra bete behar izan dute parte hartu ahal izateko; aktore onak izatea, minusbaliatuak izan ala ez.

Antzezlanean lan egiten duten aktoreak

Angel Mario Fernandez idazle argentinarrak zuzendu du ordubete irauten duen komedia ironiko hau. Minusbaliatuen bizimoduaz eta horiek gizartearekin duten erlazioaz hausnarketa bat egin nahi izan du.

Egoitza batean bizi diren bost minusbaliatu dira obraren ardatza. Beraien ardurapean dagoen emakumea hil ostean, oinordekoek egoiliarrak kaleratu nahi dituzte. Egoera horretan, antzezlan bat egitea erabakitzen dute dirua biltze aldera. Erronka horren bitartez, beraien bizitzan aurrera egiteko dituzten baliabideak erakutsiko dituzte.


Angel Mario Fernandez, obraren zuzendaria


Arantzaz beteriko ibilbidea izan da antzezlana gertatzearena. Izan ere, proiektuarekin duela bi urte hasi ziren. Hasiera batean Ana Perezek aritu behar zuen zuzendari lanetan, baina, zenbait ezbehar izan zirela medio, proiektua atzeratu egin zen. Eta Patxi Hermosok hartu zuen testigua. Ezbeharrez, obra estreinatzear zegoela, hil egin zen. Azkenean, arrasaten bizi den Angel Mario Fernandez izendatu zuten obraren arduradun.

Irunen estreinatu zuten antzezlana, uztailaren 14an. Hala ere, estrainaldi orokorra Soraluzen egingo dute. Horren ostean, lana Arrasatera eta ibarreko gainerako herrietara eramatea da Fernandezen nahia; antzezlanak bide luzea izango duela uste baitu. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario