martes, 27 de septiembre de 2011

Lerro artean irakurriz


Belgikako arkitektura estudio batek lehen eliza gardena eraiki du


Leyre Eguskiza
Haspengouw-eko eliza
Informazioaren aroan, iluntasunaren gortinak zabaldu eta gardentasunez jokatzeko eskatzen zaie gobernu eta enpresei. Badirudi “gardentasun” hori Elizara ere heldu dela, kontzeptuaren zentzu literalean gainera, Pieterjan Gijs eta Arnout Van Vaerenbergh arkitekto belgikarrek gardena den lehenengo eliza eraiki berri baitute Haspengouw izeneko eskualdean (Belgika).




“Reading between the lines” ("Lerro artean irakurriz") izeneko proiektu hau         Z-OUT makroproiektuaren barruan dago, Z33 Arte Garaikideko galeriarekin lankidetzan. Honen arabera, hurrengo bost urteetan zehar Limburgoko zenbait nekazaritza- gune maisulan ezberdinez beteko dira, abangoardiako area bihurtuz. Proposamen berri honen helburua espazio publikoetan arte garaikidea bultzatzea litzateke.


Eraikina hamar metro luze da, eta horizontalki ezarrita dauden altzairuzko 100 lamina finez osaturik dago; 2000 euskarri txikiz loturikoak. Plaken artean dauden espazio irekiek, “gardena” terminoari benetako zentzua ematen diote, eraikinaren izaera mailakatuak bisitariei hormetan zehar ikusteko aukera luzatzen baitie.





Halaber, Elizaren pertzepzioa ikuspuntu fisikoak baldintzaturik dago. Kanpotik ikusita tenpluen ohiko egitura duen eraikina da, paisaian guztiz disolbaturik ageri dena. Elizaren barruan kokatuz gero, irudi abstraktu baten parte bihurtzen da, arkitektura- lerroek natura definitu eta lotu egiten dutelarik. Gainera, argi-ilunen jokoak garrantzi handia hartzen du; eguneko unearen eta eguzkiaren posizioaren arabera tenpluaren barnealdea ezberdin ikusten baita.
Sortzaileen esanetan, barruan dagoena eta kanpoan dagoena harremanetan jartzen dira, inongo apaingarririk gabe: “Ikusleak lerroen artean irakurtzen ikasi behar du, beregan ere baitago gardentasun hori”.

Haspengouw-eko tenplu hau ez dago mezak ospatzeko pentsatua, eskualdeko kapera ugariak omentzeko baizik. Azken hauetatik bereizten dituena, ordea, eraikitze materiala litzateke. Altzairuaren erabilera metafora bezala planteatu da, Herbehereetan Elizak eta erlijioak duten izaera ausartaren metafora, alegia.




“Reading between the lines” making-of: eraikitze-prozesua

No hay comentarios:

Publicar un comentario