martes, 20 de septiembre de 2011

Metamorfosi piktorikoa: epaile espainiarra militar bihurtua


Amsterdameko Rijsmuseum museoak Goyak margoturiko erretratu ezkutua aurkitu du

Leyre Eguskiza

“Ramón Satué-ren erretratua” (1823) margolanaren sekretuak argia ikusi du Amsterdameko Rijsmuseum museoaren eskutik. Goyaren maisulanaren azpian 1809-1813 urteen artean margoturiko beste pertsonaia bat ageri da, seguruenik Jose Bonaparterekin Madrilera joandako jeneral bat. Dena den, adituak bigarren hipotesi batekin ibili dira lanean, alegia,  pertsonaia hori Jose Bonaparte bera dela. Azken hau, ordea, alde batera utzi dute bi arrazoirengatik: jarrera informalegia da eta ez du erretratu napoleonikoen ikonografia bereizgarririk.

Aurkintza hau posiblea izan da X izpiak eta fluoreszentzia konbinatzen dituen teknika berritzaile bati esker, Ambereseko (Belgika) eta Delft-eko (Holanda) unibertsitateek elkarrekin garaturikoa. Joris Dik Delft-eko Unibertsitate Teknologikoko irakasleak teknika berriak dakartzan aurrerakuntzak azaldu ditu: “ Eskaner mugikor berria museora ekarriz, margolanaren geruza-mapa marraztu dezakegu. Horrek, koadroa ia ukitu gabe, ikus daitekeenaren azpian dauden pigmentu eta koloreak sumatzeko aukera ematen digu”.

 Egindako ikerkuntzen arabera, pertsonaiak espainiar independentziaren aldeko guda-uniforme frantsesa darama. Gainera, uniformea apaintzen duten xehetasunak Jose Bonaparte Espainiako erregeak sortutako zalduneriaren maila altuenarenak dira. Ikertzaileen hitzetan, posible da 1813. urtean, tropa frantsesak Espainiatik kaleratuak izan zirenean, jeneral frantsesaren erretratua bertan behera uztea. Hamar urte geroago, Goyak Satué margotzea erabaki zuen, oso egoera zailean. Margolaria 1820ko Konstituzio liberalaren alde agertu zen, baina Fernando VII.ak absolutismoa berrezarri zuenez, Napoleonekin loturiko margolan bat edukitzea oso arriskutsu bihurtu zen. Beraz, zigorren beldur, Satué margotu zuen aurreko pertsonaiaren gainean.

Herbehereetan dagoen margolariaren koadro bakarra Boijmans Van Beuningen museoan egongo da ikusgai 2013ra arte, Rijksmuseum-eko eraikin nagusia ireki arte, hain zuzen ere. Halaber, urriko The Burlington Magazine arte- aldizkariak gai honi buruzko artikulu sakona argitaratuko du.


Ezkerrean, "Ramón Satué-ren erretratua" margolana. Eskuinean, azpian aurkitutako margolana


No hay comentarios:

Publicar un comentario