jueves, 17 de noviembre de 2011

Zerutik sua dator!

‘Zerutik sua dator!’ Gerra Zibilari buruzko dokumentala aurkeztu dute Zinebin

Bizkaiko bonbardaketak bizi izan zituzten pertsonen testigantzak biltzen ditu Egoitz Rodriguez Oleagaren lanak

 Leyre Eguskiza


Bederatzi hilabeteko prozesuaren ondoren, atzo aurkeztu zen ‘Zerutik sua dator!’ dokumentala Bilboko Guggenheim museoan, Zinebi dokumental eta laburmetraien nazioarteko jaialdiaren barruan. Egoitz Rodriguez Oleagak zuzenduta, Bizkaiak pairatutako bonbardaketa frankistak gertutik bizi zituzten 50 lekukoren testigantzak ditu abiapuntu dokumentalak.

Bizkaiko hiriburua 1936 eta 1937 artean totalitarista espainiarrek bonbardatutako 37 hirietako bat izan zen, eta horren gaineko oroimen historikoa berreskuratu nahi du lanak. Euskal Telebistaren laguntzarekin ekoiztua,  ‘Zerutik sua dator!’ Bizkaiko ikus-entzunezko proiektu kolektiborik handiena da. 50 minutuko iraupena duen dokumental hau Bizkaiko diputazioak bultzatutako eta Itesa eta Baleuko ekoiztetxeek produzitutako proiektua da, eta 3000 bizkaitarrek hartu dute parte.

Amateur osagaiak ere garrantzia handia du filmean. Izan ere, bonbardatutako herri desberdinetako gazteei bideokamerak hartzeko aukera eskaini zitzaien euren laburmetraia propioak sortzeko. Joseba Butrón errealizadorearen arabera, gazteen piezek dokumentalaren barruan “ %40-50 inguruko ekarpena” eduki dute.

Josune Ariztondo kultura diputatuaren esanetan, dokumental honek oso objektibo garrantzitsu eta argia du: “suntsiketa, gorrotoa, liskarra, goseteak...” eragiten dituzten mota honetako erasoak berriro ez errepikatzea.

Dokumentalak islatzen duen istorioaren dimentsioari buruz galdetuta, Rodríguez Oleagak lanaren talde izaera eta kreatibitatea nabarmendu nahi izan ditu: “Ez dakit Euskadin inoiz kontatu den istoriorik handiena den, baina bai kolektiboena, sozialena, koloristena eta kreatiboena”.


'Zerutik sua dator!' dokumentalaren trailerra

No hay comentarios:

Publicar un comentario