miércoles, 30 de noviembre de 2011

‘La chispa de la vida’ pelikularen aurrestreinaldia Bilbon

Alex de la Iglesiaren filma Alhondigako Golem zinemetan izango da ikusgai gaur

Leyre Eguskiza 

Euskadiko Filmategiaren eskutik, Alex de la Iglesiaren ‘La chispa de la vida’ filma aurrestreinatuko dute gaur Bilboko Alhondigako Golem zinemetan, arratsaldeko 20:00etan. Jose Mota eta Salma Hayek protagonista dituen filma 2012ko urtarrilaren 12an estreinatuko da zinema aretoetan.

Première hau filmotekak antolatu duen 'De la Iglesia. Atzera begirako perfektua' zikloaren barnean dago. Ziklo berezi honetan, 80. hamarkadatik gaur egunera arteko bere lan guztiak proiektatuko dira hiru hiriburu euskaldunetan eta Baionan.

 ‘La chispa de la vida’ pelikularen proiekzioaren aurretik, Alex de la Iglesia zuzendari bilbotarrak prentsaurreko bat eskainiko du gaur bertan Donostian, bere azken lan honen inguruko zehaztasun gehiago eskaintzeko.

Gaurkoa aurrestreinaldi ofiziala den arren, pelikulako protagonista nagusiak ez dira Bilbon izango. Horien artean Blanca Portillo, Juanjo Puigcorbé, Fernando Tejero, Santiago Segura edota Carolina Bang daude. Azken hau De la Iglesiaren ‘Balada triste de trompeta’ filmeko protagonista nagusietako bat da.

Azaroaren 2an egin zen atzera begirakoaren aurkezpena, eta bertan De la Iglesiak filmaren grabazioa “ez zela batere erraza izan” aitortu zuen, “asko sufritu” baitzuen protagonista inguratzen duten “putreak” ikusita. Era berean, bere hurrengo proiektua komediari lotuta egongo dela aurreratu zuen, eta horretarako ‘El día de la Bestia’ pelikulan erabili ez zituen ideia batzuk berrerabiliko ditu.

Erreskate arriskutsua

Roberto, Coca-Colaren ‘la chispa de la vida’ slogana sortu zuen publizista, langabezian dago eta ez du lortzen publizitate agentzietan lanposturik eskuratzea. Hala ere, bere bizitzak 360ºko bira emango du hil edo biziko istripu bat duenean. Roberto harrapatuta gelditzen da eta inor ez da ados jartzen bera erreskatatzeko moduan. Nahaste horren erdian, publizistak egoeraz aprobetxatzea erabakiko du eta telebistei ahalik eta esklusibarik potoloena saltzea, bere familiaren egoera ekonomikoa hobetzeko.


'La chispa de la vida' pelikularen trailerra

No hay comentarios:

Publicar un comentario