miércoles, 23 de noviembre de 2011

‘The Boss’ Donostiara bueltan

Oraindik baieztapen ofizialik ez badago ere, zenbait hedabide digitalen arabera Anoeta estadioan izango da Bruce Springsteen 2012ko ekainaren lehenengo asteburuan
Leyre Eguskiza


Bruce Springsteen Donostian emandako azken kontzertuan (2008)
 Bruce Springsteen Estatu Batuetako abeslaria Gipuzkoako hiriburura itzuliko dela jakinarazi da gaur. Springsteen Anoeta estadioan izango da ekainaren 2 edo 3an, bere disko berria aurkezteko biraren barruan. Artistak edo antolatzaileek baieztapen ofizialik eman ez badute ere, sarean oso azkar hedatu da albistea, eta lehenagotik ere zabalduta zegoen arren, hedabide digital askok Twitter bidez ziurtzat jo dute (Gazteak eta Ser kateak, esaterako) gaur.

Get In enpresak, 2008an Bruce Springsteen Donostiara ekarri zuenak, Anoeta estadioa erreserbatu du maiatzeko edo ekaineko egun baterako. Hala ere, enpresako burua den Iñigo Argomanizek ez du albistea baieztatu edo ezeztatu nahi izan, komunikatua artistaren bulegoak igorri behar duela esanez.

Estudioko lan berria eta bira ia prest dituen arren, Erresuma Batuari dagozkion data zehatzak baino ez ditu konfirmatu bere web ofizialean eta Twitterren: ekainaren 21ean Sunderlanden egongo da, 22an Manchesterren, 24an Wight uhartean eta uztailaren 14an Londresen. Hala ere, aste honetan kontzertuen data ofizial guztiak baieztatuko dituztela adierazi du abeslariak.

“Musika guztia ia eginda dago baina oraindik ez du izenbururik”, esan du Springsteenek. Halaber, taldekideak hurrengo urtera begira martxan duten proiektua gogo handiarekin hartu dutela nabarmendu du.

Euskal Herriaz maiteminduta, ez da lehen aldia Bruce Springsteenek Donostia bisitatzen duena. 2008ko uztailaren 15ean kontzertu arrakastatsua eskaini eta urte bat geroago, Bilboko San Mames estadioan jo baitzuen ‘The Boss’ek.


Bruce Springsteenek 2008an Donostian emandako kontzertuaren bideoa


1 comentario:

  1. AZKEN EGUNERATZEAK!
    Baieztatuta dago, Bruce Springsteen ekainaren 2an izango da Donostiako Anoeta estadioan. Informazio gehiago nahi baduzue, gure blogeko azken sarreran aurkituko duzue!

    ResponderEliminar